Europak Euskadiko Lanbide Heziketa eta Jorge Arevalo sailburuordea hautatu ditu Lanbide Heziketarako eta enplegurako etorkizuneko politikan erreferente izan dadin
Azaroaren 21 eta 24 bitartean Lanbide Heziketaren Aste Europarra burutu da eta, beste behin, Europak euskal Lanbide Heziketaren bikaintasuna aitortu du. Gainera, Lanbide Heziketako europar erakunde zein ordezkariek Eusko Jaurlaritzako Lanbide Heziketarako sailburuorde Jorge Arévalo aukeratu dute Europan Lanbide Heziketarako politiken gakoak definitzeko eta euskal Lanbide Heziketa Europarako jardunbide egoki gisa aurkezteko. Europar Batasunak euskal Lanbide Heziketak 4.0 industriarekin duen lerrokadura aintzatetsi nahi izan du.
Horrela, azaroaren 24an Bruselan izan zen ekitaldi batean, Arévalo sailburuordeak euskal Lanbide Heziketaren inguruko ikuspegi estrategikoa azaltzeko aukera izan zuen, besteak beste, Europako Enplegurako komisarioaren aurrean eta baita hezkuntza eta enplegu esparruetako beste hainbat ordezkarien aurrean.
Grabaturiko hitzaldian Arévalok azaltzen duenez “laugarren iraultzak ez du soilik egiten duguna aldatuko; benetan zer garen ere aldatuko du. Aldaketa horien eta teknologia horren bidez, etorkizuneko gizakia zer izango den ere birdefinitzen ari da. Baina, zein izango da etorkizuneko lana? Nola definituko dugu etorkizuneko lana? Eta garrantzitsuena: nola prestatuko ditugu pertsonak aldaketa horien aurrean eta etorkizuneko lanbideetarako prestatuta egon daitezen?” Galdera horiek guztiek, Arévaloren esanetan, imajinatzea, diseinatzea, arriskatzea eta, batez ere, estrategia berriak eskatzen dituzte.
Europako Batzordeak euskal Lanbide Heziketari erronka global konplexuei erantzuna emateko duen gaitasuna aitortu dio. Gainera, Euskadik Europako Lanbide Heziketarako politikaren erronkei egiten dien ekarpena, aldi berean, 2025. urterako hezkuntza-agendarako ekarpen ere izango da. Gogoratu behar da Jean-Claude Junckerrek berak aurkeztu duela aipatu agenda eta bertan zehazten den guztia Europako Gizarte Foroan eztabaidatu dela.