Hainbat ikastetxetan ikasleek debekatuta dute sakelako telefono adimendunak edo Smartphone-ak erabiltzea. Hala ere, gailu horiek oso lagungarri izan daitezke ikaskuntza prozesuan, betiere, noski, modu egokian erabiltzen badira. Jarraian, ikasteko oso baliagarri izan ditzakezun zenbait aplikazio aurkezten dizkizuegu.
Apunteak hartzeko aplikazioak
• SQUID. Aplikazio horri esker apunteak eskuz hartu ahal izango dituzu zure smartphonean edo tabletan. Horretarako nahikoa izango duzu zure hatza edo arkatz digital bat. Behin apunteak hartuta, horiek antolatzeko aukera ere bada.
• PAPER. Aurreko aplikazioan bezala, aplikazio horrek apunteak paperean hartzen dituzun modu berean hartzeko aukera izango duzu. Gainera, marrazkiak egiteko aukera ere ematen du.
• NOTESHELF. Bereziki iPad gailuentzako diseinatuta, aplikazio horrekin apunteak hartzeko, marrazkiak egiteko eta edozein zirriborro egiteko aukera izango duzu. Garestia da baina hainbat funtzio eskaintzen ditu.
Ikasteko
COURSERA. Hezkuntza-plataforma horri esker doako online-ikastaroak egiteko aukera izango duzu zure smartphone edo tabletaren bidez.
• KHAN ACADEMY. Plataforma horretan ikasgai desberdinen inguruko bideo-tutorialak aurkituko dituzu.
• FEEDLY. RSS aplikazio horri esker zure gustuko egunkari, aldizkari eta blogetan azaltzen diren albisteak gordetzeko aukera izango duzu.
• WOLFRAM ALPHA. Aplikazio horri esker informazioa oso modu azkarrean bilatu eta kalkuluak eta grafikoak egin ahal izango dituzu. Zientzia ikasgaietarako oso aplikazio interesgarria.
• AUDIBLE. Irakurtzeko denbora falta edo nekatuegi? Aplikazio horrek testuak entzuteko aukera emango dizu, nonahi eta noiznahi.
Iturriak aipatzeko
• EASYBIB. Oso aplikazio interesgarria zure lanetan azaldu behar dituzun bibliografia-aipamenak sortzeko. Datuak eskuz sartzeko aukera duzu, baina aipatzen den liburuaren barra-kodea ere eskaneatu ahal duzu. Sortuko den aipamena zuk aukeratzen duzun formatuan sortuko da.
• ESTILO APA. Gaztelaniaz dagoen doako aplikazio horrekin edozein aipamen sortzeko aukera izango duzu APA formatuan.
Zure denbora antolatzeko
• TODOIST. Aplikazio horrek egin behar dituzun atazen zerrendak sortzeko, pertsonalizatzeko eta ikaskideekin partekatzeko aukera ematen du.
• SLEEP CYCLE ALARM CLOCK. Aplikazio horrek zure lo-zikloa aztertu eta noiz egin behar duzun lo eta noiz ikasi ahal duzun gomendatzen dizu.
• MY STUDY LIFE. Aplikazio horrekin zure ikasketa-egutegia antolatzeko aukera izango duzu. Azterketen eta egin gabe dituzun atazen egutegia kudeatzeko aukera ematen du.
• WUNDERLIST. Egin beharreko atazak egituratzeko eta zure ordutegiak antolatzeko beste aplikazio interesgarria.
Deskuiduak ekiditeko
• POMODORO. Aplikazioa, izenak dioen bezala, Pomodoro teknikan oinarritzen da. Teknika horrek 25 minutuko epeetan lan egitea gomendatzen du ahalik eta produktibitate handiena lortzeko. Aplikazioa tenporizadore moduan erabiltzen da, erabiltzaileak zehaztutako epeen berri emateko.
• UNPLUGGED. Sakelako telefonoekiko menpekotasuna duten erabiltzaileentzat espreski garatutako aplikazioa. Horren bidez zehaztutako denbora epean aplikazioak deskuiduak sor ditzaketen jakinarazpen guztiak blokeatuko ditu.
• FOREST: STAY FOCUSED. Aplikazio honekin erabiltzailearen konzentrazio-maila sustatu nahi da nahiko modu dibertigarrian. Erabiltzaileak ikasi nahi duenean ‘hazi bat landatu’ beharko du. Denbora aurrera joan ahala, telefonoa erabiltzen ez baduzu, landare bat haziko da. Telefonoa erabiltzen baduzu, berriz, landare hori zimelduko da. 30 minuturo landare bat lortzeko aukera izango duzu.
• FLIPD. Aplikazio hau konzentrazio-arazoak dituzten ikasleentzat da. Aplikazioa zenbat orduz ikasi nahi dugun aukeratzeko aukera ematen digu. Behin ordu kopurua zehaztuta, erabiltzaileak ezin izango ditu telefonoaren funtzio gehienak erabili.
Hizkuntzak ikasteko
• DUOLINGO. Ikuspegi ludiko batetik abiatuta, aplikazio honek ikasten ari zaren hizkuntza horretan sakontzeko aukera emango dizu.
• BABBEL. Aplikazio honek hizkuntzak ikasteko aukera emango dizu oso modu dibertigarrian.
• ELHUYAR HIZTEGIAK. Euskarazko hitz baten definizioaren bila? Elhuyarrek garatutako hiztegian behar duzun guztia aurkituko duzu. Aplikazio bakar batean, Elhuyarren euskara-gaztelania, euskara-frantsesa eta euskara-ingelesa hiztegiak kontsultatu daitezke, online eta offline. Interneterako konexiorik ez dugunean, offlineko modua aktiba dezakegu, eta, gure mugikorrean bertan gordeta dauden datuetan egingo dugu kontsulta.
• ADIZKITEGIA. Aplikazio hau aditzak jokatzeko edo adizkiak bilatzeko garatu du Euskal Herriko Unibertsitateko Euskara Institutuak. Adizki egokiak berehala lortu ahalko dituzu. Aditz laguntzaile bat edo aditz trinko bat aukeratu, adizkiaren ezaugarriak: aditz mota (nor, nor-nori…), pertsona, modua (ahalezkoa, ez ahalezkoa, agintera) eta aldia (orainaldia, lehenaldia, alegiazkoa) eta emaitza hortxe izango duzu.
• EUSKALTERM. Aplikazio honen bidez Euskalterm Terminologia Banku Publikoa kontsulta daiteke. Bankuan Euskararen Aholku Batzordeko Terminologia Batzordeak onartu eta gomendatzen duen terminologia berezitua dago txertatuta.