Arabako Tecnoclub Elburgo eta Bizkaiko Santa María Ikastetxeko Edurobotic taldeak izan dira sariak lortu dituztenak
Bi izan dira asteburu honetan Logroñon izan zen Espainiako First Lego League finalean saritutako euskal taldeak. Alde batetik, Arabako Tecnoclub Elburgoko ikasleek Inspirazio Saria irabazi dute. Horri esker, Europa mailako finalean parte hartzeko aukera izango dute. Bestalde, Portugaleteko Santa María Ikastetxeko Edurobotic taldeak Errobotaren Programazioko bigarren saria jaso du.
Logroñon ospatu den finalean Euskadiko lau talde izan dira: Gasteizko Urkide Ikastetxea, Donostiako Axular Lizeoa, Arabako Tecnoclub Elburgo eta Portugaleteko Edurobotic-Santa Maria Ikastetxea. Talde horiek Espainiako finalerako txartela irabazi zuten Innobasquek antolatzen duen euskal edizioaren finalean.
First Lego Leaguen parte hartzen duten taldeek aurten izan duten erronka uraren giza zikloa da, eta horri zientzia-proiektu baten bidez eta robot bat diseinatu eta programatuz egin diote aurre.
Adibidez, Urkide ikastetxeak ura edateko on bihurtzen duen motxila aurkeztu du, horren funtzionamendua uraren ziklo naturalean inspiratuta dagoelarik. Gailua, herrialde behartsuetan erabiltzeko pentsatua, gai birziklatuez egina dago: hozkailu-panelak, eguzki-plaka eta akuario-berogailua ditu. Bere barruan uraren ziklo naturala imitatzen da.
Axular Lizeoak txorimalo adimenduna asmatu du, ezkutuan meteorologia-estazioa daukana, zenbait aldagai neurtzeko gai dena eta ortu edo baratzeak ura behar duenean abisua gailu mugikor batera bidaltzen duena. Euri-ura erabiltzen da, eta ikastolako jangelan edateko atera eta soberan geratutakoa.
Tecnoclub Elburgoko arabarrek urtean 30.000 litro ur baino gehiago aurreztea proposatzen dute, eta horretarako dutxetako ura biltzen duen eta komunean berrerabiltzen duen zisterna asmatu dute.
Azkenik, Bizkaiko Portugaleteko Santa Maria Ikastetxea-Edurobotikoek mugikorrerako aplikazio bat asmatu dute, ura aurreztea ahalbidetzen duena gamifikazioaren bidez. Garapen hau etxeko ur-kontsumoa neurtzen duen sistemarekin osatzen da, eta eguneko aurrezki-helburuak ezartzen ditu, lortutakoan puntu bihurtzen direnak.
Espainiako finalari dagokionez, Nafarroako FS Ingeniumek, Kanarietako Aldeatron Robotixek eta Sevilako Tecno San Josék irabazi dituzte, hurrenez hurren, lehenengo hiru sariak. Europako finala Estonian ospatuko da.