KiVa landu duten 53 ikastolek programaren ebaluazioa egin dute. Eskola-jazarpena ia erdira jaistea lortu dute
Eskola-jazarpenaren aurkako esku-hartzea egiten denean emaitzak lortzen dira. Urtebeteko ibilbidea egin ondoren, eskola-jazarpenaren kontrako KiVa programa finlandiarra landu duten 53 ikastolek ibilbide horren lehen balorazioa egin dute eta emaitzak oso onak dira. Izan ere, ezagutzera eman diren datuen arabera, eskola horietan eskola-jazarpena % 47,3an murriztea lortu da. Datuak iazko ikasturtekoak dira eta hurrengo balorazioa ikasturte honen amaieran egingo da. Bigarren honetan, aurten, programa lantzen hasi diren beste hamar ikastetxeren datuak ere aintzat hartuko dira, hots, 63 ikastola eta 22.000 ikasle inguru.
Datuek ematen duten argazkia alde batera utzita, ikastolak oso pozik azaldu dira jazarpen kasuen aurrean badakitelako zer egin, nola egin, eta noiz egin. Ikasleak ere iritzi berekoak omen dira, bereziki LHko lehen hiru mailakoak. KiVa programak protagonismoa ematen die ikasleei eta ikasleek hori eskertzen dute.
Ikastolek programa DBHn ere ezartzeko bidea jorratzen ari dira. Une honetan 30 ikastola ari dira DBH1ean probak egiten. Datorren urterako DBH3raino zabaltzea espero dute.