Pasa den ekainaren 4an, Busturiako Ekoetxean ospatutako ekitaldi batean, Eusko Jaurlaritzak ‘Eskola Jasangarria’ egiaztagiria banatu zien Eskola Agenda 21 programan parte hartu duten 22 ikastetxeri. Ikastetxe berri horiekin jada 105 dira aipatu ziurtagiria eskuratu duten hezkuntza–zentroak eta horietatik, 11 lanbide–heziketakoak dira.
Ikastetxe horiek guztiek jasangarritasunaren aldeko IRAES 21 eskolen sarean sartzea eskatu dute. Sare horrek jasangarritasunaren aldeko hezkuntza sustatzen du irakasleriaren, ikasleriaren, langileen eta senideen artean.
Ziurtagiria lortu ahal izateko ikastetxeek berrikuntzaren, kalitatearen eta ingurumenarekiko konpromisoaren aldeko apustua bermatzen duen auditoretza gainditu behar izan dute. Zehazki, ‘Eskola Jasangarria’ ziurtagiria jaso duten ikastetxeak 15 udalerritakoak dira: Legutio, Gasteiz, Amorebieta-Etxano, Arratzu, Bilbo, Dima, Elorrio, Muxika, Portugalete, Santurtzi, Sestao, Irun, Oñati, Donostia eta Zumaia.
Ziurtagirien banaketa ekitaldian Iñigo Urkullu Lehendakaria, Ingurumen Sailburu Iñaki Arriola eta Hezkuntza Sailburu Cristina Uriarte izan ziren. Agintari politikoekin batera, aintzatespena jaso zuten eskoletako hainbat ikasle eta irakasle ere izan ziren eta horiekin batera baita ordezkatzen dituzten udalerrietako ordezkariak ere, azken finean, Eskola Agenda 21 udalen laguntzarekin gauzatzen den programa baita.