Leonardo da Vinciren ‘Dama con estola’ koadroa lapurtu dute. Nor da lapurra? Horretarako, ezinbestekoa da lapurreta gertatu zen lekuan ebidentziak jaso eta aztertzea: DNA aztarnak, hatz-markak, etab. Lortutako emaitzak profil genetikoen datu-base batekin alderatu eta lapurra nor izan den aurkitzeko aukera handiak izan daitezke.
Edozein poliziak jarraitzen duen prozedura hori ikerketa-proiektu hezitzailea bilakatu da. Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan Forensic Science izena du eta Gaztelueta ikastetxea da horren buru. Une honetan, 13 ikastetxe dira aipatu proiektuan parte hartzen ari diren ikastetxeak: Gaztelueta ikastetxea, Arangoya ikastetxea, El Regato ikastetxea, Urdaneta ikastetxea, Vizcaya ikastetxea, Somorrostroko Heziketa Zentroa, Axular Lizeoa, Begoñazpi Ikastola, Lauaxeta Ikastola, Lauro Ikastola eta Irungo La Salle Ikastetxea, Artaza-Romo institutua eta Barandiaran institutua. Egitasmoak, gainera, Ertzaintzako Polizia Zientifikoaren Unitatearen laguntza du.
Egitasmoaren lehen urratsa pasa den apirilean egin zen Leioako Artaza Jauregian. Bertan, ikasleei koadroaren lapurretaren kasua planteatu zitzaien. Bigarren urratsa, maiatzaren 22an eman da egitasmoaren aurkezpen ekitaldiarekin. Aipatu ekitaldia Zamudioko Innobasqueren egoitzan egin da eta bertan, ikastetxe parte-hartzaileetako ordezkariez gain, Segurtasun Saileko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak eta Polizia Zientifikoaren Ataleko buru Iñaki Irustak ere parte hartu dute. Sailburuak Ertzaintzak hezkuntzaren eta enpresen munduarekin elkarlanean egiten duen lana azpimarratu du.
STEAM abileziak
Forensic Science ikerketa-proiektu hezitzailea STEAM abileziak (Science, Technology, Engineering, Arts and Mathematics) sustatzen ditu eta poliziak prestatutako krimen simulatu baten ikerketan oinarritzen da. Esan bezala, EAEn gauzatzen ari den lehen edizio honetan, ikasleek Artaza Jauregian lapurtutako koadro baten lapurra nor den aurkitu behar dute. Horretarako, Artazan bertan izan ziren Ertzaintzako Polizia Zientifikoak prestatutako krimenaren gertalekuan izan ziren begi-ikuskapena egiten eta ebidentziak jasotzen. Une hauetan ariketa begi-ikuskapenean lortutako probak aztertzeko, DNA analisia egiteko eta emaitzak Polizia Zientifikoak emandako hatz-marken eta profil genetikoen fikziozko datu-base batekin alderatzeko fasean dago.
Zamudion egindako aurkezpenean Irustak begi-ikuskapenak egiteko eta ebidentziak biltzeko erabiliko den eta nahi duten ikastetxeek eskuratu dezaketen maletin bat erakutsi du. Era berean, datorren ikasturtera begira ekimenarekin bat egin duten ikastetxeetako ikasleek Polizia Zientifikoaren Erandioko instalazioak bisitatu ahal izateko jarraitu behar den protokoloa ere azaldu du.
Datorren ikasturtera begira, egitasmoa EAEko berrogeita hamar ikastetxetan aurkeztea aurreikusten da.
Atzerrian ere ekimenean parte hartzeko izena hainbat herrialdetako ikastetxek eman dute jada: Finlandia, Estonia, Polonia, AEB, Kanada, India, Txile, Somalia, Peru, Hego Korea, Italia, Mexiko, Australia, Japonia eta Filipinak.
Ikastaroa 2020ko martxoan amaituko da, eta parte hartzen duten taldeek adituz osatutako epaimahai baten aurrean aurkeztuko dituzte euren lanak. Atzerriko taldeek, nahi dutenek, martxoaren 23tik 27ra Bilbora etortzeko aukera izango dute, eta anfitrioi diren ikastetxeetako familien etxeetan geratuko dira.
Forensic Science proiektuaren webgunea eta aurkezpen-bideo bat sortu dira eta, bertan, proiektuari buruzko informazio orokorra eta parte hartzen duten ikastetxeei, erakunde laguntzaileei eta proiektuari abala ematen dioten Euskal Herriko Unibertsitateko irakasleek eta profesionalek osatutako batzorde zientifikoari buruzkoa ikus daiteke. Proiektuan parte hartzen duten ikasle guztien esku Moodle plataforma bat ere jarri da, harremanetan egon ahal izan daitezen.