Giza eskubideen gaiarekin zerikusia duten urteko nazioarteko dokumentalik garrantzitsuenetariko hiru; “Awlad – Hesiak Gainditu” euskal ekoizpenaren erabateko estreinaldia; eta Alfred Hitchcocken “The Wrong Man” (Falso culpable) klasikoaren proiekzioa izan dira Eusko Jaurlaritzak bultzatutako ZINEXIT-Zinema eta Giza Eskubideen Erakustaldiaren hamargarren edizioaren programaren ardatza. Zinema-jaialdia azaroaren 25 eta 29 bitartean ospatu da Bilboko Azkuna Zentroan diren Golem zinema-aretoetan. Gainera, aurtengo edizioan, saio bereziak izan dira Gasteizen, Barakaldon eta Basaurin.
Biktimen eta Giza eskubideen zuzendari Mónica Hernandok azaldu duenez, aurtengo edizioan Zinexitek hazteko eta publiko zabalagoari gerturatzeko xedea izan du “filmek pizten dizkiguten emozioen bidez, giza eskubideek egun dituzten erronka handiei buruzko eztabaida kritikoak eta hausnarketa sakonak sustatuz”.
Aurtengo edizioan ardatz nagusia zoriontasuna izan da. Izan ere, zinema-jaialdiak bere hamargarren edizioa betetzen zuen honetan, pertsona orok zoriontasuna bilatzeko duen eskubidea aldarrikatu nahi izan da. Programazio zabal baten bidez, besteak beste, honako gai hauetan sakondu nahi izan da: aukera desparekotasuna, ongizate sozialerako eskubidea, jazarpen politikoaren ondorioz ematen den immigrazioa, haurtzaroa eta hezkuntza. Hamargarren edizio honetako punturik gorenetako bat “Awlad – Hesiak Gainditu” euskal ekoizpenaren erabateko estreinaldia izan da. Bertan, euren jatorrizko herrialdeetako indarkeriatik ihes egin duten eta gaur egun Berlinen, Samos uharte grekoan, Jordaniako errefuxiatu-eremu batean eta Oñatin bizi diren bi neska eta bi mutilen istorioa kontatzen da. Dokumentalaren zuzendariak arabiar herrialdeen egoera lehen eskutik ezagutzen dituzten bi kazetari dira: Cosimo Caridi italiarra eta ETBrentzat lan egin duen Ane Irazabal euskalduna.