Joan den maiatzaren 5ean, Mauthausengo kontzentrazio-esparruaren askapena ospatu da, eta, urteurren horrekin bat eginez, Gogora-Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak txosten bat argitaratu du. Aipatu txostenean jasotzen denez, gutxienez 253 euskal herritar erbesteratuak izan ziren kontzentrazio-esparru nazionalsozialetara 1940-1945 bitartean. Txosten horretan bertan ere jasotzen denez, horietatik guztietatik 125 bizirik atera ziren, 113 hilik suertatu ziren eta beste 15en inguruan ez dago behin betiko daturik.
Kontzentrazio-esparru nazietara erbesteratutako euskaldunen kasuan, Mauthausen kontzentrazio-esparrua izan zen euskaldun gehien jaso zituena: deportatu guztien ia erdia eta hildako guztien bi heren (% 65).Bestalde, deportatutako 10 emakumeren erreferentziazko kontzentrazio-esparrua Ravensbrück izan zen. Emakume horietatik 4 hil ziren, 2 desagertutzat jo zituzten eta beste 4 bizirik irten ziren.
Gogorak ezagutzera eman duen ikerketa horri esker ezagutu ahal izan da kontzentrazio-esparruetara deportatutako euskaldunen kopurua uste baino handiagoa izan zela. Txostenak, halaber, hil zirenen kopurua ezagutarazi du, 113, baina komeni da zehaztea bizirik atera zirenen arrasto dokumentalak argi eta garbi zehazten duela bizirik atera zirenetako asko askapenaren ondorengo aste eta hilabeteetan, edo urte batzuk geroago, hil zirela, esparruak utzitako ondorioen eraginez.
Txosten horren helburu nagusia da Hirugarren Reich-eko kontzentrazio-esparruetara (1940-1945) eraman zituzten euskal herritarren deportazioa argitzea eta biktimen erreparazio morala erraztea. Horretarako, txostenak pertsona horien deportazioaren inguruabarrak modu eskematikoan kokatzen ditu testuinguruan, eta, gainera, deportatutako euskal herritarren errolda eguneratua aurkezten du. Hartara, deportazioaren biktimak ahaztu ez daitezen eta euskal gizartearen memoria kolektiboaren parte izan daitezen lortu nahi da.
Txosten horretan sartzen dira Euskadin jaio edo bizi ziren, edo erbestean Eusko Jaurlaritzaren babesa jaso zuten, eta Hirugarren Reich-ak okupatutako Europa osoko edozein kontzentrazio-esparrutara edo kartzelatara deportatu zituzten pertsona guztiak.
Txosten horretarako ikerketa eta landa-lana egin dute Etxahun Galparsoro UPV/EHUko historian lizentziatuak eta Josu Chueca UPV/EHUko Historia Garaikideko doktoreak eta Historia Garaikidearen Saileko irakasleak.