Abian da Beldur Barik 2020

Abian da Beldur Barik lehiaketaren XI. edizioa. Emakundek antolatuta eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Foru Aldundien zein EUDELen babesarekin eta beste hainbat erakunderen laguntzarekin (Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza saila, Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailaren Gazteria zuzendaritza, UPV/EHU eta EITB), Beldur Barik lehiaketaren xedea da gazteen artean indarkeria sexista prebenitzea. Proiektua 2009an sortu zen Berdinsarearen baitan, Emakundek eta EUDELek bultzatzen duten berdintasunaren aldeko euskal udalen sarean, alegia. Lehiaketa programa zabalago baten barruan aurkitzen da, baina programa horren ekintza nagusietako bat da. 

Zoritxarrez, pandemiaren ondorioz, aurtengo edizioa berezia izango da. Horrela, gazteengana iristeko sare sozialetan eta webgunean indar handia jarriko da. Hala, inoiz baino gehiago ikusi da Beldur Barik Jarrera edonon eta edozein egoeratan sustatu beharra dagoela. Horregatik, aurtengo lehiaketak hiru lelo ditu: “Nik, etxean eta kalean Beldur Barik Jarrera”, “Nik, bakarrik eta taldean Beldur Barik Jarrera” eta “Nik, gau eta egun Beldur Barik Jarrera”. Urte berezi honetan ematen ari diren egoera guztietan Beldur Barik jarrera bultzatzea da lema horien helburua.

Lehiaketa 12 eta 26 urte bitarteko gazteei zuzendua dago, eta adierazpen artistikoak saritzen ditu. Lan horiek neska-mutilek ezberdintasun egoerei Beldur Barik jarrerarekin nola egiten dieten aurre erakutsi behar dute; alegia, errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkarkidetza eta indarkeria sexistaren bazterketa irmoa adierazten dituzten jarrerekin.

Iaz ez bezala, 2020ko edizio honetan ikus-entzunezko lanak bakarrik aurkeztu ahal izango dira, eta bideoak aurkezteko epea azaroaren 5era arte egongo da zabalik.

Parte-hartzeko hiru kategoria daude: lehen kategorian, 12-13 urte bitarteko parte-hartzaileak izango dira; bigarren kategorian, 14-18 urte bitartekoak; eta hirugarrenean, 19-26 urte bitarteko gazteak. Urtero bezala, lehiaketan taldeka edo bakarka parte hartu daiteke (ikastetxe batek, gela batek, elkarte batek, eta abarrek izena eman dezake).

Beldur Barik 2020 Lehiaketako Sariak

Sariak honako hauek izango dira: Kategoria bakoitzeko 400 euroko saria eta 200 euroko aipamen berezi bana banatuko dira. Horrez gain, 300 euroko herri-bozkaketaren bitartez parte-hartze saria emango da. Baita ikus-entzunezko ekoizpen onenari 300 euroko saria emango zaio.

Aurten, lan sarituak 2020ko azaroaren 20an ezagutzera emango dira. Aurtengo sari-banaketara irabazleak eta sariak banatzeko ardura duten erakundeetako ordezkariak baino ez dira joango. Sari-banaketa www.beldurbarik.eus webgunean emango da zuzenean ‘streaming’ bidez. Gainera, euskal artista ezberdinek sari-banaketa girotuko dute.

Ikus-entzunezko lan onenari saria Beldur Barik Jarrera! adierazteko kalitatezko komunikazio artistikoko baliabideak edota kodeak erabili dituen hiru kategorietako edozein lanari emango zaio. Parte-hartzeari saria, berriz, herri-bozketan boto gehien lortu dituen lanari emango zaio. Herri-bozketa azaroaren 11tik 13ra bitartean gauzatuko da, beldurbarik.eus web-gunearen bidez.

Beldur Barik Jarrera

Beldur Barik Lehiaketa ez da lehiaketa hutsa; izan ere, parte hartzen duten proiektuek Beldur Barik jarrera islatu behar dute, kultura matxista eta indarkeria sexistaren formak eraldatzeko konpromiso pertsonal eta kolektiboa islatuz. Alde horretatik, kalitate tekniko edo artistikoaren gainetik, mezuaren kalitatea baloratuko da, bai eta hausnarketak eta eztabaidak sortzeko duen gaitasuna ere, nesken ahalduntzetik abiatuta, eta mutilek indarkeria matxista amaitzeko konpromisoa edo erantzukizuna hartzea.

Programari buruzko informazio guztia web gunean (www.beldurbarik.eus) zein sare sozialetan (Facebook, Twitter, Instagram, Spotify eta Tiktok) aurki daiteke.


Ikasturte berrirako eskola agendak egin ditu Emakundek

Bosgarren urtez, Emakunde-Emakumearen euskal erakundeak DBHko 1. eta 2. mailako ikasleentzat agendak egin ditu eta hilabete honetan zehar banatuko ditu ikastetxeen artean. Agenden helburua da berdintasunarekin zerikusia duten eguneroko egoerak azalaraztea eta gazteen artean honako edukiak zabaltzea, besteak beste: bizitza proiektuak aukeratzeko askatasuna, nesken gauzak eta mutilen gauzak daudela ezartzen duten estereotipoak desagerrarazteko beharra, zaintzak pertsona guztien bizitzan duen garrantzia eta zaintza lanak banatzeko eta balioan jartzeko  beharra, aniztasunaren errespetua (sexua, arraza, baldintza fisikoak…), pertsonen autonomia indartzea, gorputz perfektuen tirania salatzea, auto-estimuaren eta ahalduntzea bultzatzeko beharra, neska ala mutil izan sentimenduak adierazteko beharra, pertsonen arteko adiskidetzea, edota emakumeek historian zehar egin dituzten ekarpenak goraipatzea. Agendak, besteak beste, ikasleekin gai hauen inguruan hausnartzeko aukera ematen du.

Guztira 45.000 agenda egin dira eta irailean zehar banatuko dira ikastetxeen artean.