Martxan da Booktuberboom lehiaketaren edizio berria

Abian da Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuak eta Galtzagorri Haur eta Gazte Literatura Elkarteak antolatzen duten Booktuberboom lehiaketaren aurtengo edizioa. Aipatu lehiaketaren xedea da Euskadin bizi diren 14 eta 18 urte bitarteko gazteen artean irakurzaletasuna sustatzea.

Aurtengoa Booktuberboom lehiaketaren V. edizioa izango da. Aurrekoetan bezala, gazteek gazte nahiz helduentzako euskaraz argitaratutako liburu

bat irakurri eta horren gaineko iruzkina edo gomendioa grabatu beharko dute, euskaraz. Ez dago euskara batuan egin beharrik, euskalki guztiek dute lekua lehiaketan, baina euskara zuzen eta egoki erabili beharko da.Bideo horrek, gehienez, hiru minutuko eta, gutxienez, minutu bateko iraupena izango du. Ondoren, norberaren Youtube kanalean edo ikastetxeko kanalean argitaratu beharko da, Booktuberboom blogean parte hartzeko orria betetzearekin batera, eta bertan jarri beharko da bideoak Youtuben duen URL helbidea.  

Bideoak bidaltzeko epea azaroaren 25ean amaituko da.

Bi sari banatuko dira: epaimahaiaren saria eta publikoaren saria.

Epaimahaiaren lehenengo saria bideogintzan jarraitzeko kamera, mikrofonoa eta tripodea izango dira, eta liburu eta diskotan gastatzeko 200€ko bonoa; epaimahaiaren 2.sariak GoPro kamera eta liburu eta diskotan gastatzeko 100€ko bonoa biltzen ditu. Publikoaren saria bi lagunentzako abentura-txangoa izango da.

Lehiaketari buruzko informazio gehiago: https://booktuberboom.wordpress.com/