Hezkuntzan den arrakala ekonomikoa

Klase soziala eta familiaren maila ekonomikoa erabakigarriak dira etxetik telematikoki ikasi ahal izateko
Klase soziala eta familiaren maila ekonomikoa erabakigarriak dira etxetik telematikoki ikasi ahal izateko

Pandemia hasi zenean, Estatuko bost nerabetik batek ”benetako arazoak” izan zituen bere ikasketak telematikoki jarraitzeko. Gogoratu behar da garai horretan hezkuntza-sistema osoaren jarduera eta funtzionamendua hankaz gora geratu zela konfinamenduaren eta koarentenaren ondorioz.

Hori da, hain zuzen ere, Fundación de Ayuda contra la Drogadicción-ek (FAD) eta BBVAk elkarlanean egin duten ”Experiencias y percepciones juveniles sobre la adaptación digital de la escuela en pandemia” ikerlanaren ondorio nagusietako bat. Aipatu ikerlanaren xedea izan da ikasleriak kultura digitalera egokitzeko izan duen gaitasuna ezagutzea, bereziki, ikasleek oztopoen, ikaskuntzen eta erronken inguruan dituzten ikuspegietan arreta jarriz.

Eskolak online jarraitzeko arazorik handienetako bat etxean dauden bitartekoak dira eta, hor, etxeko baliabide ekonomikoak aldagai nagusia dira.

Horrela, txostenean jasotzen denez, klase sozial altuko ikasleen % 66,4k ordenagailu eramangarri propioa duen bitartean, maila sozial baxuko ikasleen kasuan kopuru hori % 38,8raino jaisten da eta % 43,2k partekatu beharra dauka.

Klase sozial altuenetako ikasleek ordenagailu pertsonal propio gehiago dituzte: % 38,9k horrelako gailuren bat du, batezbestekoa baino hamaika puntu gehiago. Klase baxukoen artean, ostera, % 62,6k ez du horrelako gailurik.

Era berean, behe-klaseko gazteen % 50,4k ez du tablet/iPadik, goi-klasekoen bikoitza; eta % 41ek ez du inprimagailurik/eskanerrik (goi-klaseetan baino bi aldiz gehiago).

Azterlanak agerian uzten duenez, klase sozial altuetako ikasleen % 82,1ek dio trebetasun digital ”altua edo oso altua” duela. Kopuru hori maila baxuagoetan erregistratutakoa baino nabarmen altuagoa da:
% 64,4 klase ertainean eta % 64 klase sozial baxuan eta oso baxuan. Gainera, beren trebetasun digitala ‘baxua edo oso baxua’ dela onartzen duten gazteen ehunekoa askoz altuagoa da klase sozial horietan: % 6,5 klase baxuetan eta % 3,7 klase ertainean.

”Experiencias y percepciones juveniles sobre la adaptación digital de la escuela en pandemia” ikerketaren landa-lana 2021. urteko ekainean egin zen; eta, horretarako, eztabaidarako online komunitateak sortu eta dinamizatu ziren, eta 14 eta 18 urte bitarteko 612 gazteri inkestak egin zitzaizkien.

Klase soziala eta maila ekonomikoa, faktore erabakigarriak

Ikerlanaren arabera, etxean leku egoki bat izatea eta familiaren laguntza eskura izatea pasa den ikasturtean nagusi izan zen hezkuntza hibridoa, online -presentziala, hobeto jarraitzeko ezinbesteko elementuak izan dira.

Eta laguntza edo ingurune horrek huts egiten duenean ikasleen arteko hezkuntza-etenak edo arrakalak nabariagoak dira; are gehiago, gabezia materialekin zerikusia duten horien kasuan. Txostenean azpimarratzen denez, neskek zailtasun handiagoak izan dituzte aldaketetara egokitzeko eta konfiantza gutxiago dute beren trebetasun digitalen inguruan. Era berean, ikastetxe publikoetan gazteek arreta gutxiago jasotzen dute zailtasunak daudenean, nagusiki, baliabide faltagatik. 

Gazteen ia erdiak (% 47,2) dio online eskolak jarraitu ahal izan zituela ‘ondo, baina zailtasunekin’; % 28,1ek adierazi du ‘arazorik gabe’ jarraitu ahal izan zituela; % 16,6k ‘zailtasun handiekin’; eta, % 4,3k onartu du ‘ia ezinezkoa’ izan zaiola.

Zailtasunak

Online formakuntzaren garaian aurre egin behar izan dituzten zailtasunen inguruan galdetu zaienean, gazteek honako balorazioa eman dute (0 ‘guztiz ezados’ eta 10 ‘guztiz ados’ adieraziko lukete): ‘online eskolak jarraitzeak konstantzia gehiago eskatzen du’ (7,18); ‘online hezkuntzako lan karga askoz handiagoa da’ (6,79); eta, ‘online eskoletan erritmoa zuzeneko eskoletan baino motelagoa da’ (6,76).

Online eskolen malgutasunaren inguruko baieztapen honekin, berriz, adostasun maila txikiagoa da: ‘online hezkuntzarekin atazak nire erritmoan egiteko askatasun handiagoa daukat’ (6,14). Proposatu diren ideia edo baieztapen guztien artean puntu gutxien lortu duena (5,95) honako hau izan da: ‘online hezkuntza ebaluatzeko erabiltzen den metodoa bidegabeagoa da’.

Online formakuntza zuzenekoaren osagarri gisa

Oro har, ikerlan honetan parte hartu duten nerabe gehienak online formakuntza zuzeneko formakuntzarekin uztartzearen alde azaldu dira, betiere, bigarrena nagusia izanik eta lehenengoa osagarria. Izan ere, online formakuntzan zenbait abantaila antzeman dira, hala nola, erosotasuna (% 47,7); denbora norberak nahi duen moduan antolatzeko aukera (% 39,4); eta, beharrezkoak ez diren joan-etorriak ekiditea (% 38,5). Eredu horrek dituen desabantailen artean, berriz, honako hau aipatu da gehien: konexioan ematen diren etenak edo konexio-abiaduraren moteltasuna. Ilasleen % 30,4k ‘aldizka edo aldi oro pairatzen du arazo hori’ eta % 35ek ‘noizean behin’ 

Guztiarekin ere, ikasleriak online hezkuntzaren eta zuzenekoaren arteko bateragarritasuna onartu du, betiere, lehentasuna hezkuntza presentzialari emanez. Bateragarritasun hori benetakoa eta posiblea izan dadin, nerabeek ezinbestekotzat jotzen duten teknologiak ikasgelan txertatzea. 

Horrela, ikastetxeetan egiten den IKTen erabileraren inguruan galdetu zaienean, ikasleek adostasun maila altua azaldu dute honako bi baieztapen hauen inguruan: ‘teknologiak hezkuntza-proposamen berritzaileagoetarako aukera eskaintzen ditu’ (7,24); eta, ‘teknologiaren erabilerak eskolak interesgarriagoak egiten ditu’ (7,03).

Alfabetizazio digitala

Lau gaztetik batek adierazi du ikasturtean zehar Interneten erabilerarekin edo gailuren batekin arazoak izan dituela. 

Online eskoletan izan diren arazoen inguruan, azpimarratzekoa da arazoak izan dituztenen artean % 22,9k adierazi duela egoera horretan ez diola inori laguntzarik eskatu. Laguntza eskatu ez duten horien artean % 46,6k Interneten bilatu du informazioa.

Datu horiek indartu egiten dituzte gaitasun teknologikoaren joera autodidaktikoari buruzko argudioak, arazoak konpontzeko on line tutoretzaren kulturari buruzkoak eta prestakuntza-estrategia gisa saiakuntza/errorea erabiltzeari buruzkoak.

Beren trebetasuna inguruko pertsonekin alderatzen dutenean, pertzepzioak handia izaten jarraitzen du, bereziki, beren burua helduekin alderatzen dutenean. Horrela, % 81,9k dio gurasoak baino ‘asko edo zerbait’ trebeagoa dela (% 53,8k ‘askoz gehiago’), eta % 73,8k gauza bera dio irakasleei dagokienez.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE