Bigarren Mundu Gerratik Europan izan den exodorik handiena

Bigarren Mundu Gerratik Europan izan den exodorik handiena

Errefuxiatuentzako NBEren Agentziak (ACNUR) pasa den martxoaren 30ean emandako datuen arabera, Ukraina larrialdietarako erabili ohi den eskalaren barruan 3. mailan aurkitzen zen, hots, mailarik altuenean. Datu horien arabera, 4 milioi pertsona baino gehiagok ihes egin dute mugakide diren beste herrialdeetara otsailaren 24an hasi zen inbasioaren ondorioz. Horien artean, Polonia da errefuxiatu gehien hartu dituen herrialdea, 2,3 milioi inguru azken asteetan.

11 milioi pertsona

Kopuru horiekin, Ukrainako inbasioak jada Bigarren Mundu Gerratik Europan izan den exodorik handiena eragin du. Iheskarien mugimendu erraldoi hori inbasioa hasi eta oso epe laburrean eman da. Inbasioaren lehen 35 egunetan jada aurreikuspen ezkorrenak bete ziren. Une honetan, hamar ukrainarretik batek bere herrialdea utzi behar izan du.

Gerrak eragindako eta herrialde mugakideetan babesa bilatzera behartuta egon ziren errefuxiatu gehienak emakumeak, haurrak eta helduak dira; 60 urtetik beherako gizonak, berriz, Ukrainako Gobernuak behartuta, bertan geratu behar izan dute tropa errusiarren erasoen aurrean defentsa-lanak egiteko.

Gainera, ACNURek egindako kalkuluen arabera, herrialdearen barruan ere migrazio mugimendu handiak eman dira. Zehazki, 6,5 milioi pertsona inguruk mugitu behar izan dute eta, ondorioz, atzerrira joan eta herrialdearen barruan mugitu behar izan duten horien guztien kopurua 11 milioi ingurukoa litzateke.

Adingabeak

UNICEFen datuen arabera, berriz, Ukrainatik atera behar izan duten iheskarien erdia adingabeak dira. Esan bezala, Polonia da errefuxiatuen helmuga nagusia. Horrela, ACNURek bildu ahal izan dituen mugako kontrol guneetan jasotako datuen arabera, Poloniak 2,3 milioi ukrainar inguru hartu ditu jada. Errumaniak, berriz, 600.000 errefuxiatu inguru hartu ditu. Errefuxiatuak hartu dituzten beste herrialde nagusiak honako hauek lirateke: Moldavia (ia 400.000), Hungaria (370.000 inguru) eta Eslovakia (280.000).

Errusiak (350.000) eta Bielorrusiak (10.000) ere hainbat errefuxiatu hartu dituzte ACNURek erregistratutako datuen arabera.

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE