Bilboko Udalak, Bilbao Ekintza udal-sozietatearen bitartez, ”Bilbao Entzumenak” lelopean, entzute aktiboko saio bat burutu zuen pasa den maiatzaren 13an. Izan ere, Udalak gazteei entzutea du xede, lanaren alorrean dituzten zailtasun, premia eta itxaropenei buruz jardun dezaten.
Jardunaldia Bilbao Arenan ospatu zen eta 2021/2022ko Bilboko Enplegu Plan Arrunteko eta Bilboko Gazteen Enplegu Planeko 30 urtetik beherako parte-hartzaileak bildu ziren bertan. Hori horrela, gazteen enpleguaren irisgarritasuna eta kalitatea hobetzeko ekintza eta programa berriak garatzeko hobekuntza-espazio bat izan zuten eskura.
Gazteen enplegu-plana
Bilboko gazteen artean langabeziak behera egitea eta kolektibo horren enplegagarritasuna hobetzea lortzeko asmoz, 2021/2022 Gazteen Enplegu Plana garatuko du Bilboko Udalak laugarren urtez jarraian.
Hain zuzen ere, 16 eta 30 urte bitarteko gazteentzat pentsatu da, eta langabezian egon behar dute, erdi-mailako zein goi-mailako titulazioa eduki eta Bilbon bizi. Gazteen Enplegu Planak 3,6 milioi euroko aurrekontua du, eta 89 lanpostu berri sortu ditu 12 hilabeteko lanaldi osoko kontratazioen bitartez, tokian-tokian bultzatuak eta Bilboko Udalak, bertako arloek eta udal-entitateek zuzenean eginak.
Gazteen Enplegu Planean jaso da, halaber, askotariko profil profesionalak dituzten gazteak kontratatu behar direla eta, era berean, parte-hartzaileen enplegagarritasuna hobetu nahi dela, ”Bilbao Entzumenak” eta antzeko ekimenak garatuz.