Bueltan da indarkeria matxista saihestea helburu duen Beldur Barik lehiaketa

Emakundek sustatzen duen egitasmo horren xede nagusia da gazteen artean indarkeria matxista eta sexistaren prebentzioa sustatzea.
Bueltan da indarkeria matxista saihestea helburu duen Beldur Barik lehiaketa

Abian da gazteen artean indarkeria matxista eta sexistaren prebentzioa  sustatzea helburu duen Beldur Barik ikus-entzunezko lehiaketaren hamalaugarren edizioa. Aurtengo edizioan parte hartu nahi duten gazteek datorren azaroaren 10era arte aurkeztu ahal izango dituzten beren lanak. Horietan, kultura matxista eta indarkeria sexista eraldatzeko eta horiei aurre egiteko konpromiso pertsonala eta kolektiboa islatu beharko dituzte.

Beldur Barik programa Eusko Jaurlaritzako Berdintasuna, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak antolatzen du Emakunderen bidez eta Euskadiko hiru Foru Aldundien eta EUDELen laguntza du.

Ikus-entzunezko lehiaketa

Ikus-entzunezko lehiaketa Beldur Barik programaren barruan garatzen den ekintza nagusietako bat da. Bertan 12 eta 20 urte bitarteko gazteek parte hartu ahal dute. Lehiaketak neskek eta mutilek desberdintasun-egoerei Beldur Barik jarrerarekin nola aurre egiten dieten erakusten duten adierazpen artistikoak saritzen ditu, hau da, errespetua, parekidetasuna, askatasuna eta autonomia, elkartasuna eta indarkeria sexistaren gaitzespen irmoa adierazten duten jarrerekin.

Iaz bezala, 2023ko edizio honetan gehienez ere 3 minutuko iraupena duten ikus-entzunezko lanak aurkeztu ahal izango dira. Lehiaketa hiru kategoriatan egongo da banatuta: lehenengo kategorian 12 eta 13 urte bitarteko parte-hartzaileak lehiatuko dira, bigarrenean 14 eta 18 urte bitarteko lehiakideak eta hirugarrenean 19 eta 20 urte bitarteko gazteak. Aurreko edizioetan bezala, taldeka (ikastetxe bat, gela bat, elkarte bat…) edo bakarka parte hartu ahal izango da. 

Guztira zortzi sari banatuko dira. Bi sari kategoria bakoitzeko eta beste bi sari berezi. Kategoria bakoitzeko irabazleak 400 euro jasoko ditu. 

HEZKUNTZA

GIZA ESKUBIDEAK

GAZTERIA

IGAZTE

BGAZTE