Euskadiko Lanbide Heziketak bere maila gorena egiaztatu du beste behin Polonian izan den Euroskills lehiaketan lortutako sariaren bidez. Lanbide Heziketaren olinpiadak izenez ezagutzen den lehiaketaren aurtengo edizioan, Europako 32 herrialdetako ikasleak lehiatu dira eta Andoaingo La Salle Berrozpe ikastetxeko Garikoitz Mujika ikasleak urrezko domina du “CAD Diseinu Mekanikoa” modalitatean. Euskal Lanbide Heziketaren ordezkaritza Tolosaldea LHII-ko Adrián Arellanok eta Gasteizko Ciudad Jardin LHII-ko Emma Vélez Garcíak osatu duten bikoteak osatu du. Bikotea “Sare Sistemen Administrazioa” modalitatean aritu da.
Ekimen honen helburu nagusia da, txapelketen bidez, jabetzea gaitasunek eta konpetentzia-maila handiek funtsezko ekarpena egiten dutela arrakasta profesionala lortzeko eta nork bere burua garatzeko.
Aurtengo Euroskills lehiaketa hil honen hasieran izan da Poloniako Gdansk hirian. Lehiaketa bi urtean behin antolatzen da eta Europako Lanbide Heziketaren arloan trebetasunen bikaintasunaren inguruko ekitaldirik handiena da. WorldSkills Europe erakundeak antolatzen du, 32 herrialde kiderekin batera, eta ikasten ari diren Lanbide Heziketako zikloarekin lotutako trebetasun edo diziplinan Europako onenak izan nahi duten ehunka gazte biltzen ditu.
Ibilbide luzea
Europa mailako finalera iristeko euskal ordezkariek, aldez aurretik, urrezko domina lortu behar izan dute lehenik, EuskoSkills lehiaketan eta, ondoren, SpainSkills lehiaketan.
Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako sailburuordetzak antolatzen duen EuskoSkills lehiaketa amaiatzean egin zen. Bertan parte hartu zuten ikasleek beren trebetasunak eta gaitasunak erakutsi behar izan zituzten, egun eta erdiz zehar hainbat proba eginez. Euskadiko Lanbide Heziketako 48 ikastetxetako 250 ikasle elkartu ziren Ficoban (Irun) bi egunez egin zen ekitaldian, eta “Lanbide Heziketako Olinpiadetako” 28 modalitatetan lehiatu ziren.