Estatuan, 475.159 haur eta nerabek ezin dute oilasko, haragi edo proteina baliokide bat jan bi egunean behin gutxienez. Aurreko urtearekin alderatuta, kopuru hori % 18,7 hazi dela ikusi du Save The Childrenek ‘Encuesta de Condiciones de Vida 2022’ inkestak emandako datuak aztertuta. Hortaz, Espainian bizi diren adingabeen % 6 inguruk ez du behar bezala jaten.
Arazo hori are nabarmenagoa da pobrezia-atalasetik behera bizi diren adingabeen kasuan. Egoera horretan bizi diren familiek ikasturte berriaren hasiera itxaropenaz ikusten dute, elikagaien prezioek gora egiten duten bitartean, jantoki-bekak beren seme-alaben elikadura-premiak asetzeko irtenbide gisa ikusten baitituzte.
Espainia EBren azken postuetan dago haur zaurgarrienentzako doako eskola-jantokiei dagokionez.
“Jantokiko bekak ezinbestekoak dira haurrentzako ingurune ekitatibo bat sortzeko. Laguntza horiek, eguneroko janari osasungarria bermatzen duen finantza-baliabidea izateaz gain, elikadura egokia lortzeko bidea ere badira, garapen fisiko eta kognitiborako funtsezko faktorea baita”, azaldu du Catalina Perazzo Save the Children-eko Eragin Sozial eta Politikoko zuzendariak.
Beka horiek oinarri bat dira, familien finantza karga arintzeaz gain, haur eta nerabeei beren hazkunde eta ongizate orokorrari lagunduko dien elikadura orekatua jasotzeko espazio segurua eskaintzen baitiete. “Funtsezkoa da, legegintzaldi berri honetan, beka horiek zabaltzen jarraitzea, oztopo ekonomikoengatik haur bat ere atzean geratzen ez dela bermatzeko”, erantsi du Perazzok.
“Jantokiko bekak ezinbestekoak dira haurrentzako ingurune ekitatibo bat sortzeko”.
Save the Childrenek emandako datuen arabera, Espainian, eskola-jantokirako laguntzak ikasleen % 13,03ra baino ez dira iristen haur-hezkuntzan eta derrigorrezko hezkuntzan. Kopuru hori 2020-21 ikasturtekoa baino bi puntu altuagoa da, baina ez da nahikoa. Gainera beka horien estaldura guztiz ezberdina da Autonomia Erkidegoaren arabera: % 2,12 Murtzian, % 8,2 Madrilen, % 12,44 Katalunian, % 18,11 Andaluzian, % 19,72 Valentzian edo % 28,72 Kanarietan. Euskadi da pobrezia-arriskuan diren ikasle guztiei horrelako beka bat bermatzen dien erkidego bakarra.
Save the Children-ek Estatu osoan pobrezia-atalasea eskola-jantokiko laguntzak jasotzeko gutxieneko errenta-maila gisa ezartzea eskatu du.
Laguntzarik gabe jantokiaren urteroko batez besteko prezioa 743,75 euro dira. Laguntzarekin, berriz, batez beste familiek 439 euro ordaindu behar izaten dituzte.
Gutxiegi jantokiko beketan
Europako Haur Bermean (EHB) hitzemandakoaren arabera, Europar Batasuneko (EB) estatu kideek egunean janari osasungarria eta doakoa bermatu behar diete ikastetxean haur zaurgarrienei. Hala ere, Espainia adierazle horren atzean dauden herrialdeen artean dago.
Save the Children-ek Estatu osoan pobrezia-atalasea eskola-jantokiko laguntzak jasotzeko gutxieneko errenta-maila gisa ezartzea eskatu du. Horrekin batera, pobrezia egoeran bizi diren haurrei eskolako jantokian doako plaza bat bermatzea ere eskatu du.
Euskadi da pobrezia-arriskuan diren ikasle guztiei jantokiko beka bat bermatzen dien erkidego bakarra.
Europako Haur Bermea 2021. urtean Europar Batasunak ezarri zuen mekanismo bat da. Bere helburua da pobrezia-arriskuan dauden haur eta nerabeek beren ongizaterako funtsezkoak diren zerbitzuak doan edo oso modu eskuragarrian eskuratu ahal izatea bermatzea. Aipatu zerbitzu horien artean honako hauek aurkitzen dira: hezkuntza, osasun-laguntza, elikadura osasuntsua eta etxebizitza egokia eta duina.