Gerra guztietan, haurrak dira sufritzen duten lehenak. Israel eta Palestina arteko gatazkak haur eta familien artean izaten ari den inpaktuak ez du aurrekaririk. Urriaren 7tik, haurren aurkako urraketa larriak salatu dira Israelen eta Palestinako Estatuan, hala nola hilketak eta mutilazioak, bahiketak, eta erasoak azpiegitura zibilen eta funtsezko zerbitzu publikoen aurka, adibidez, eskolak, ur instalazioak, saneamendu eta higiene instalazioak eta osasun zentroak, anbulantziak eta ospitaleak barne.
Urriaren 20rako, Unicef-ek salatu duenez, hildakoen kopurua 5.000tik gorakoa zen, eta biktimen artean ehunka hildako haur eta dozenaka bahitu daude.
Gatazka zuzeneko mehatxua da Gazan bizi diren bi milioi pertsona baino gehiagoren bizitzarako eta ongizaterako. Horietatik, erdia inguru haurrak dira. Egoera ez da Gazako zerrendara mugatzen; Zisjordanian ere, ekialdeko Jerusalem barne, egoerak larriki egin du okerrera.
Save the Children-ek emandako datuen arabera, bi astetan bakarrik, 2.000 haur baino gehiago erail dituzte Gazan eta beste 27 Zisjordanian. Gainera, Israelek egindako aire-erasoen ondorioz milaka haur etxerik gabe geratu dira Gazan. Hildako haurrak ere Israelen erregistratu dira; bertako hedabideen datuen arabera, 27 dira Hamas-ek hildako adingabeak.
Milaka etxe eta dozenaka haur-parke, eskola, ospitale, eliza eta meskita hondatu edo suntsitu dira Gazan, eta, lerro hauek idatzi orduko, gutxienez 4.600 haur zaurituak izan dira. Elektrizitate-mozketak osasun-, ur-, saneamendu- eta higiene-zerbitzuei eragiten ari zaizkie, bereziki aspalditik erreserba-sorgailuen mende dauden ospitaleei. Edateko urik ez izateak eta hondakin-urak gainezka egiteak urarekin lotutako gaixotasunak eragin ditzakete, eta haurren eta emakumeen osasunari ere eragiten diote.
Gazako zerrendako ikastetxe guztiak itxita daude duela bi aste baino gehiagotik, eta horrek 600.000 haur baino gehiagori eragiten die.