Sexu-indarkeriagatik 900 840 111 telefonora egindako deiak % 60an igo dira

Dei-kopuruak gora egin du emakumeek gero eta beldur eta lotsa gutxiago dutelako jasandako indarkeriak kontatzeko eta salatzeko
Sexu-indarkeriagatik 900 840 111 telefonora egindako deiak % 60an igo dira

Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei informazioa eta arreta emateko zerbitzu espezializatura (Satevi) egindako deiak % 60 gehitu dira zerbitzua 2018an martxan jarri zenetik. 900 840 111 telefonora egindako deien kopurua, nagusiki, azken bi urteetan hazi da. Horrela, 2018an jasotako 310 deietatik aurtengo 497 deietara pasatu da.

Eusko Jaurlaritzatik azaldu dutenez, zerbitzuan jasotako deien gorakada, emakumeek jasandako indarkeriak kontatzeko eta salatzeko gero eta beldur eta lotsa gutxiago dutelako eman da.

Beldurra

Biktimen arretarako telefono-zerbitzuaren arduradun Oiane Zaratek azaldu duenez, eraso gehienak gertuko inguruneetan gertatzen dira, hala nola bikotekidean, familian, lagunartean edo lan-ingurunean. Zaratek azaldu duenez, zerbitzura jotzen duten emakume askok, deietan, salatzeko eta prozesu judizialetik igarotzeko beldurra aipatzen dute, bai eta erasoa beren ingurune hurbil eta intimoetan publiko egiteko beldurra ere.

900 840 111 telefonora egindako deiak erabat konfidentzialak eta anonimoak dira, baina zerbitzuak “ezinbestekotzat” jotzen du biktima guztiei helaraztea “beren langileak entzuteko eta laguntzeko daudela”.

Egoera Euskadin

Datuok Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak azaroaren 25ean, Emakumearen aurkako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunean, antolatutako lan-jardunaldi batean eman dira ezagutzera. Bertan, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Nerea Melgosak azpimarratu duenez “indarkeria matxistaren biktimek ez dute biktima izatea aukeratu, eta ez du inolako interpretaziorik balio”. “Indarkeria matxista gizonen eta emakumeen arteko desberdintasunaren eta giza eskubideen urraketaren adierazle larriena da, eta ezein gobernuk eta gizarte aurreratuk ezin du hori onartu”, adierazi du sailburuak.

Melgosak emandako datuen arabera, “Euskadin 5.500 emakumek baino gehiago babesa behar dute”. 2003. urteaz geroztik, Estatu osoan, 1.300 emakume baino gehiago erailak izan dira eta horietatik guztietatik, berrogeita hamar baino Euskadin. Hori dela eta, “norbaitek beste alde batera begiratu eta indarkeria matxistaren existentzia uka dezakeen” galdetu du.

Indarkeria Matxistaren Biktimentzako Baliabide eta Zerbitzuen Gida berrituak emakumeei laguntzen die identifikatzen zer diren indarkeria eta kalte fisiko, psikiko eta sexuala; baita zein eskubide dituzten ere, behin biktima gisa identifikatu ondoren, eta erasoa gertatuz gero nora jo.