Jado Ikastetxeak, Don Bosco LHIIk eta Kutxa Fundazioak sustatutako proiektuak izan dira Eusko Jaurlaritzak eta Innobasquek antolatzen duten STEAM Euskadi sarien IV. edizioko irabazleak. Guztira, 127 ekimen aurkeztu dira aurtengo sariketara eta 80k STEAM Hezkuntzaren izaera nabaria aitortzen duen STEAM Euskadi zigilua lortu dute.
Guztira hiru sari nagusi banatu dira, sariketak dituen kategorien baitan: Ikastetxeek sustatutako STEAM Hezkuntzako ekimenak, unibertsitateek eta lanbide heziketako zentroek sustatutako STEAM Hezkuntzako ekimenak eta bestelako erakundeek sustatutako STEAM Hezkuntzako ekimenak. Kategoria bakoitzean 3.000 euroko lehen sari bat , 2.000 euroko bigarren sari bat eta genero ikuspegia aintzat hartuta 1.000 euroko aipamen berezi bat banatu dira.
Irabazleak
Ikastetxeek sustatutako ekimenen kategorian Erandioko Jaso Ikastetxeak aurkeztu duen ‘Feel-Think-Do’ egitasmoa suertatu da garaile. DBHko 3. mailako ikasleek beren ikastetxeko 3-4 urteko haurrentzako jostailu sentsorial bat eraiki dute material birziklagarri eta birziklatuak erabiliz.
Kategoria horretako bigarren saria Zarauzko Orokieta HLHI ikastetxeak jaso du ‘Makina sinpleak Txikipedian’ izeneko egitasmoari esker. Kasu horretan, Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleek txirrika, gurpila eta palanka bezalako hiru makina sinpleen funtzionamendua azaltzeko hiru sarrera sortu dituzte Txikipedian.
Ikastetxeen kategorian aipamen berezia Eibarko Santa María de la Providencia – Aldatze ikastetxeko Lehen Hezkuntzako 4. mailako ikasleek aurkeztu duten ‘Zergatik gertatzen dira istripuak?’ egitasmoarekin. Kasu horretan, ikasleek, gelako neskei protagonismoa emanez, ikasleek jostailuzko auto bat diseinatu eta eraiki dute, trafiko-istripuak nola gertatzen diren eta horiek nola saihestu ulertzeko.
Unibertsitate eta LHko zentroak
Unibertsitate eta Lanbide Heziketako zentroei zuzendutako kategorian proiektu irabazlea Errenteriako Don Bosco LHII-eko ikasleek aurkeztu duten ‘SilverBotak, belaunaldien arteko STEAM hezkuntza-esperientzia solidarioa’ izeneko egitasmoa izan da. Kasu honetan, ikasleek robotika sozialaren erabilgarritasuna ikertu dute, haur-eskoletan nahiz egoitza gerontologikoetan aplikatzeko.
Kategoria horretako bigarren saria, berriz, EHUko Hezkuntza fakultateko eta Bilboko Ingeniaritza Eskolako ikasleek garatu duten “Guztiok guztiontzat sortutako teknologia” izeneko proiektuarentzat izan da. Hezkuntzarako App-en Azokaren VIII. edizioaren baitan ikasleek adimen urritasuna duten pertsonei zuzendutako 8 app sortu dituzte lankidetzan.
Azkenik, aipamen berezia EHUren Plentziako Itsas Estazioak aurkeztutako ‘Kontuz! Ez nazazu zapaldu! egitasmoarentzat izan da. Proiektu horrek DBHko ikasleek euskal itsasertzari buruz duten ezagutza zabaltzea du helburu, biodibertsitatea eskala mikroskopikoan landuz.
Hirugarren kategoriako proiektu irabazlea Kutxa Fundazioak aurkeztutako ‘Bihotz berdeak’ izan da. Hezkuntza ez-formaleko egitasmo horren baitan hainbat irteera egin dira 12-15 urte bitarteko gazteak herpetologia, ornitologia, etnografia eta antzeko diziplinetara hurbiltzeko.
Kategoria horretako bigarren saria, berriz, Donostia Sustapenak aurkeztutako ‘Donostia Innovation Challenge’ egitasmoarentzat izan da. Proiektu honen bidez, bost hilabetez, Donostiako gazteei hiriak dituen zenbait erronka ebaztea proposatu zaie eta, horretarako, beren gaitasun berritzaileak landu dira.
Azkenik, aipamen berezia kategoria honetan BCAM – Basque Center For Applied Mathematics-ek aurkeztutako ‘Matematikhariak’ izeneko egitasmoak jaso du. Proiektu horren xedea izan da gazteei matematikek daukaten magia eta erakargarritasuna helaraztea jarduera ludikoen bidez.
Finalistak
Saria jaso duten aipatu bederatzi egitasmo horiez gain, epaimahaiak beste bost proiektu ere aitortu ditu:
- “STEAM – auzogune bateko energia sistema”, Karmengo Ama Ikastetxea (Amorebieta-Etxano)
- “Bolero”, Etxebarri BHI (Etxebarri)
- “Insects, Essence of Life?”, Urdaneta ikastetxea (Loiu)
- “Olioaren birziklapena eta garbikariak”, Lauro Ikastola (Loiu)
- “BiSKY Team”, UPV/EHU