Donostiako Luberri ikastetxe publikoak bere hezkuntza sistema eragilearen bertsio berri bat kaleratu du, Luberri Linux 24. Software horrek 20 GB inguru hartzen ditu, hezkuntza-inguruneetan funtzionatzeko diseinatuta dago, eta automatikoki eguneratuko da bost urtez, 2029ra arte, hain zuzen ere,aplikazio berrien instalazioa eta segurtasun-eguneratzeak bermatuz.
Luberri Linux 24 LTS-Long Term Support-eko bertsio bat da eta Linux Mint Cinnamon-en (LM 22 Wilma) eta Ubuntu 24.04an oinarritzen da. Haren garapena hezkuntza-inguruneetarako sistema eragile optimizatu bat eskaintzean oinarritu da, ikasleentzat zein irakasleentzat, betiere, offline erabilerraztasunaren eta funtzionaltasunaren ikuspegitik.
Aplikazio gehienak euskaraz daude, mekanografia, kimika, geografia, matematika, programazioa eta gehiagorako tresnak barne, Interneterako konexiorik gabe ikasteko aukera emanez. Sistema eragile berriak testua, irudia, audioa, bideoa eta musika-konposizioa editatzeko sormen-tresna ugari ditu, besteak beste, eta ikastetxeetan erabiltzen diren zerbitzarietara eta karpetetara sartzeko aukera ematen du.
Luberri Linux 24 nobedadeak
Luberri Linux 24ren berritasun nagusien artean Veyon aipatu behar da, ikasgela kontrolatzeko tresna bat, irakasleei ikasleen ordenagailuen pantailak ikusteko eta kudeatzeko aukera ematen diena. Gaur egun ingelesez aurkezten bada ere, hurrengo eguneraketan euskarazko bertsioa sartuko da. Beste txertaketa bat web aplikazioak dira, aplikazio normalen itxura duten Firefoxen irekitzen diren markatzaileak, eta horrek molekulak editatzeko Molview edo anatomia aztertzeko Zigotebody tresnetarako sarbidea hobetzen du.
Bertsio berriak TurboWarp ere sartzen du, programazioa irakasteko Scratch-en bertsio optimizatua, eta unitate didaktikoak editatzeko eXelearning, Moodle bezalako plataformekin bateragarria.
Bestalde, aplikazio batzuk, Chromium nabigatzailea kasu, kanpoan utzi dira euskarazko euskarririk ez dagoelako.
Proiektuak bideotutorial bat eskaintzen du bere webgunean bertsio berri honen instalazioa errazteko, erabiltzaile berriei zein aurreko bertsioak erabili zituztenei zuzendua.