2024-2025 ikasturtea hasi da Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxeetan. Guztira, 49.233 ikasle izango dira ibilbide honek dituen formakuntza-ziklo guztietan. Aurten, eskainitako plazen kopuru osoa 64.105ekoa izan da, hots, aurreko ikasturtean baino 5.780 plaza gehiago. Horietatik guztietatik, gehienak, Goi-mailako graduetako zikloetan biltzen dira, horietatik % 70 inguru sare publikokoak direlarik.
Euskadiko Lanbide Heziketaren ezaugarri nagusietako bat bere laneratze-tasa altua da. Zenbait kasutan, hala nola “Energia eta Ura” edo “Instalatze eta mantentze lanak” arloetan, enplegagarritasuna % 95etik gorakoa da. Oro har, Euskal LH osatzen duten 26 lanbide arloen batez besteko laneratze-tasa % 89,6 da. Datu horrek, nolabait, formakuntza ibilbide horrek enpresek behar dituzten profesionalak trebatzeko duen gaitasuna azaltzen du.
Euskal LH osatzen duten 26 lanbide arloen batez besteko laneratze-tasa % 89,6 da.
Gainera, Lanbide Heziketa dualaren ereduan, 20.000 enpresak baino gehiagok parte hartzen dute eta, horri esker, ikasleek beren formakuntza osatu ahal dute benetako lan-ingurune batean.
Egun diren 49.233 matrikuletatik, 7.180 Arabako ikastetxeei dagozkie, 23.328 Bizkaikoei eta 18.725 Gipuzkoakoei. Gainera, azpimarratu behar da D ereduan matrikulatutako ikasleen kopurua % 3 hazi dela.
Sektoreka, ikasleriaren % 41,12 industria-sektorean ikasten ari da, % 56,28 zerbitzuen sektorean eta % 2,5 nekazaritza- eta arrantza-sektorean. Sektore teknologikoetan, matrikulatutako ikasleen % 30,5 emakumeak dira eta zientziaren sektorean, berriz, % 78,2.