Lanbide Heziketako (LH) tituludunei zuzendutako lan-eskaintzen kopurua nabarmen hazi zen 2013. urtean. Infoempleok eta Adeccok berriki argitaratu duten txosten baten arabera, titulu horiek dira enpresek Espainian gehien eskatzen duten prestakuntza-maila. Horrela, 2023an argitaratutako lan-eskaintzen % 41,91n Lanbide Heziketako formakuntza eskatzen zen. Aurreko urteko datuekin alderatuta, titulu horien eskaera zazpi puntutan baino gehiagotan hazi da. Hazkunde horri esker, adibidez, Lanbide Heziketa unibertsitate-tituluen aurretik jarri da, azken horien eskaera lan-eskaintzen % 27,5ean egin baitzen, aurreko urtean baino ia hamar puntu gutxiago.
Enpresek gero eta behar handiagoa dute espezializazio handiko profesional teknikoak izateko. Joera hori Europan ere hedatzen ari da
Azken urtean gertatutakoa ez da fenomeno bitxia edo berria. Pandemia garaian jada Lanbide Heziketa izan zen hezkuntza-maila eskatuena, unibertsitateko graduen eskaintzak nabarmen gaindituz. 2022an Lanbide Heziketako tituluen eskaera arinki jaitsi bazen ere, 2023an izandako igoera horrek argi uzten du enpresek langile tekniko espezializatuak lortzeko duten behar gero eta handiagoari erantzuten dion joera. Hau ez da gure artean bakarrik gertatzen den fenomenoa, txostenak argitzen duen moduan, Europa osoan gertatzen ari den joera baita.
Goi mailako eta erdi mailako graduen eskaeraren igoera
Aipatu txostenean azpimarratzen denez, Lanbide Heziketaren barruan, Goi mailako graduak dira eskaera gehien dutenak. Pasa den urtean, argitaratutako lan-eskaintzen laurden batean (% 25,73) titulu hori zuten langileak eskatzen ziren, aurreko urtean baino % 4,22 gehiago. Ildo berean, Erdi mailako gradua eskatzen zuten lan-eskaintzen kopurua ere arinki hazi zen (ia % 3), argitaratutako eskaintza guztien % 16,18ra iritsiz. Lanbide Heziketako tituludunei zuzendutako hamar lan-eskaintzatik sei (% 61,57) goi-mailako graduetako profesionalentzat ziren eta % 38,43, berriz, erdi-mailako tituludunentzat.
Eskaera gehien duten arlo profesionalak
Txostenean agerian geratzen denez, eskaeren % 66,8k ez dute Lanbide Heziketako adarrik zehazten. Kopuru hori hamar puntutan hazi da azken hamabi hilabeteetan.
Zerbitzuen sektorea da Lanbide Heziketako tituludun gehien eskatzen dituena, lanpostu hutsen % 23,97arekin 2023an. Sektore horrek enplegu-sortzaile nagusia izaten jarraitzen du LHko tituludunentzat.
Eskaera gehien duten Lanbide Heziketako arlo profesionalak honako hauek dira: ‘Administrazioa eta kudeaketa’ (eskatuena izaten jarraitzen du % 8,73arekin), ‘Elektrizitatea eta elektronika’ (% 6,07), ‘Fabrikazio mekanikoa’ (% 3,39), ‘Instalatze eta mantentze lanak’ (% 2,69), ‘Informatika eta komunikazioak’ (% 2,60) eta ‘Merkataritza eta marketina’ (% 2,13). Sei arlo horien artean banatzen dira Lanbide Heziketako tituludunak bilatzen dituzten lan-eskaintzen laurden bat.
Estatu mailan, Lanbide Heziketako tituludunak eskatzen dituzten lan-eskaintzak, nagusiki, Madrilen, Katalunian, Andaluzian eta Euskadin egiten dira.
LHko tituludun gehien eskatzen dituzten sektoreak
Hirugarren urtez jarraian, ‘Zerbitzuak’ sektorea da, % 23,97rekin, Lanbide Heziketako profesional gehien eskatzen dituen sektorea. Jarraian, bigarren postuan, ‘Informatika’ sektoreak lan-eskaintzen % 6,29 biltzen ditu eta oso gertu, hirugarren postuan, ‘Metalurgia, Mineralurgia eta Siderurgia’ daude, lan-eskaintzen % 6,18rekin.
‘Industria’ sektoreak beherakada nabarmena izan du eta, aurreko urtearekin alderatuta, 1,6 puntu galdu ditu. Une honetan, lan-eskaintzen % 5,07rekin, lan-eskaintza gehien dituen laugarren sektorea da. Bosgarren postuan ‘Automobilgintza’ azaltzen da lan-eskaintzen % 4,05arekin.
Gehien eskatzen diren profilak
Lanbide-kategoriei dagokienez, LHko formakuntza duten teknikariek, lan-eskaintzen % 49,54rekin, eskatuenak izaten jarraitzen dute. ‘Enplegatuak’ kategoria sailkapen horren bigarren postuan dago, lan-eskaintzen % 38,81arekin, nahiz eta, aurreko urtearekin alderatuta, 1,2 puntu galdu. ‘Erdi-mailako kargudunak’ kategoriak ere pisua galdu eta 2022ko % 14,19tik 2023ko % 11,1era pasatu da.
Lanbide Heziketa zehazki eskatzen duten postuen artean, ‘Administrariak’ dira gehien eskatzen direnak, lan-eskaintzen % 6,05arekin. ‘Mantentze-teknikariak’ dira gehien hazi direna, eta % 2,4 puntu igo ondoren, lan-eskaintzen % 3,84 hartzen dituzte. Lan-eskaintzen % 2,99an ‘Saltzaileak’ eskatzen dira. Eta lan-eskaintza nahiko jasotzen dituzten beste bi postu ‘langileak’ (% 2,65) eta ‘laguntza-teknikariak’ (% 2,03) dira.