500 milioi haur muturreko beroaren mehatxupean

UNICEFek agerian utzi duenez, gero eta gehiago dira, mundu osoan, muturreko tenperaturei aurre egin behar dieten haurrak
500 milioi haur muturreko beroaren mehatxupean

Muturreko beroaren mehatxupean diren eskualdeetan bizi diren haurren kopurua biderkatu egin da azken hamarkadetan. Tenperatura altuek eragin negatiboa dute adingabe horien osasunean eta ongizatean. UNICEFek argitaratu duen txosten baten arabera, mundu osoan, 500 milioi haur inguruk aurre egin behar diote oso tenperatura altuei. Txostenak jasotzen duenez, gaur egun, haurrek pairatu behar izaten duten muturreko tenperaturak dituzten egunen kopurua beren aiton-amonek pairatu behar izan zituztenaren bikoitza da. Igoera hori, argi eta garbi ikusten da 1960 hamarkadan erregistratutako eta 2020-24 aldian erregistratutako tenperaturak alderatzen direnean.

Azterlanak agerian uzten duenez, 35 gradutik gorako egunen kopurua, maiztasuna eta iraupena nabarmen hazi da. Hainbat eskualdeetan, bitxia zena ohiko bilakatu da.

UNICEFeko zuzendari exekutibo Catherine Russell-ek azaltzen duenez, “udako egunik beroenek orain normalak dirute”. Muturreko beroak haurren osasun fisikoan, ongizate mentalean eta eguneroko ohikerietan eragiten dute. Haurrak, gainera, bereziki zaurgarriak dira horrelako aldaketen aurrean.

Bero-bolada gero eta gehiago

Espainia da bero-boladen maiztasunean hazkunde esanguratsua izan duen herrialdeetako bat. 1960ko hamarkadan, batez beste, bost bero-bolada inguru erregistratu ziren bitartean, 2020-24 aldian, maiztasun hori ia hirukoiztu egin da. Esan bezala, horrek zuzenean eragiten du haurren egunerokotasunean: Estatuko haurren % 85 inguru, hots, 6,4 milioi haur, bero-boladen kopurua bikoiztu den eremuetan bizi dira eta % 44 (3,3 milioi) hirukoiztu den eremuetan. Gainera, bero-bolada horien batez besteko iraupena 4,4 egunetik 5,5 egunera igo da.

Muturreko tenperaturek ondorio negatiboak dituzte haurren osasunean. Klima beroetan ohikoak diren malaria eta denge bezalako gaixotasun infekziosoen aurreko ahultasuna igotzeaz gain, adingabeen garapen neurologikoan ere eragin dezake. Elikagaien segurtasuna bermatuta ez dagoen eskualdeetan, estres termikoak haurren desnutrizio-arazoak larriagotzen laguntzen du

Europa mailan, datuak ere kezkagarriak dira. Izan ere, Europan, Erdialdeko Asian bezala, muturreko tenperaturak dituzten egunen kopurua 5,8tik 9,7ra igo da. Horrek zuzenean eragiten die 37 milioi haur baino gehiagori, aurreko hamarkadekin alderatuta, orain muturreko tenperaturak dituzten egun kopurua bikoitza baita.

Bero-bolada luzeagoak

UNICEFen txostenaren arabera, munduko 16 herrialdetan, haurrek aurre egin behar diote muturreko tenperaturak dituzten 30 egun baino gehiagori. Adibide esanguratsu bat Hego Sudan da, non adinganbeek, batez beste, muturreko tenperaturak dituzten 165 egun pairatzen dituzten urtero. Duela 50 urte, kopuru hori 110 egunekoa zen. Paraguain, adibidez, muturreko tenperatura (35 gradutik gora) duten egunen kopurua 36tik 71ra igo da.

Mendebaldeko eta Erdialdeko Afrika dira eskualde kaltetuenak. Bertan diren herrialdetako 123 milioi haurrek, batez beste, muturreko tenperaturak dituzten 95 egun pairatu behar izaten dute. Mali, Niger, Senegal eta Sudan bezalako herrialdeak dira fenomeno honen ondorioak modu gordinagoan bizi dituztenak.

Argazkia: UN0459922