Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak, Urruzuno lehiaketaren bidez, DBHko hogei bat ikasle aintzatetsi ditu bere talentu literarioagatik. Aurtengoa aipatu lehiaketaren XXIX. edizioa izan da eta ohi bezala, euskarazko irakurzaletasuna sustatzea eta literatura-sormena bultzatzea izan ditu helburu. Gazteen artean literaturarekiko zaletasuna sustatzeaz gain, lehiaketa idazmenean interesa duten ikasleen topagune ere bada eta elkarren arteko ikaskuntza eta lankidetza sustatzen ditu.
Egonaldia Arantzako aterpetxean
Aurtengo edizioa irabazi duten gazteek, bere sariaren parte bezala, bost eguneko literatura-egonaldi bat egin ahal izan dute Arantzako aterpetxean (Nafarroa).
Bertan, gazteek tailerretan, errezitaletan eta euskal kulturako izen handiek gidatutako jarduera ezberdinetan parte hartzeko aukera izan dute. Aurtengo edizioan gazteekin izan dira, adibidez, Patxi Zubizarreta, Itxaro Borda eta Ruper Ordorika. Gazteek esperientziak partekatu ahal izan zituzten eta haien sormen-lana hobetzeko aholkuak ere jaso zituzten.
Aurtengo ediziorako, guztira, 278 lan aurkeztu dira. Horietatik, 92 poesia ataleko lanak izan dira eta beste 186, prosa atalekoak. Datorren urtean 40 urte beteko dituen sariketan 600 gazte baino gehiagok parte hartu dute eta horietako askok ibilbide oparoa jorratu ahal izan dute literaturaren esparruan, hala nola Alaine Agirre, Mikel Ayllón, Leire Bilbao eta Miren Gorrotxategik.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak lehiaketa irabazi duten lanekin liburu bat argitaratu du, Sagastiberri bildumaren barruan. Liburua DBHko ikastetxeetan, Berritzeguneetan eta liburutegietan banatuko da.