Euskadiko GKEek 3 milioi persona baino gehiagorekin egiten dute lan 63 herrialdetan

Euskadiko GGKEen Koordinakundeak argitaratu duen 2023 urteari buruzko txostenaren arabera, Euskadiko GKEek
Euskadiko GKE

Euskadiko garapenerako gobernuz kanpoko erakundeek (GGKE) 3 milioi pertsona baino gehiagorekin egiten dute lan 63 herrialdetan garatzen dituzten 839 lankidetza-proiektuen bidez. Hori da, hain zuzen ere, Euskadiko GGKEen Koordinakundeak argitaratu duen 2023 urteari buruzko txostenak jasotzen duena. Txosten horrek sektorearen lan esparruak, baliabideak eta antolakuntza-egituraren inguruko ikuspegi zehatza ematen du.

Txostenean azpimarratzen denez, erakunde horiek 2.100 boluntario baino gehiagoren laguntza jasotzen dute. Horietatik guztietatik, gehiengoa emakumeak dira. Euskadiko GGKEek garatzen dituzten proiektuetara bideratutako fondoek gora egin duten arren, euskal erakundeek ematen duten laguntzaren ehunekoa berean mantendu da, aldaketa nabarmenik gabe.

Proiektu globalak

Euskadiko GGKEeak, nagusiki, hiriburuetan aritzen dira, baina baita udalerri txikietan ere, non tokiko herritarrak laguntzen dituzten. Une honetan 839 lankidetza-proiektu daude martxan eta GGKEek ia 58 milioi euroko inbertsioa egin dute ekimen ezberdinetan. Aurrekontu horrek ez du laguntza humanitarioan eta larrialdietan egindako lana kontuan hartzen.

Euskal GGKEen bulego gehienak Amerikan (92), Afrikan (56), Europan (23) Ekialde Ertainean (10) eta Asian (8) daude. Gainera, zenbait kasutan, proiektuak tokiko erakundeek koordinatzen dituzte bertan bulego egonkor bat izateko beharrik gabe.

2022. urtean inbertsio ekonomiko handiena jaso zuten herrialdeak honako hauek izan ziren: Guatemala, Peru, Kolonbia, Kongoko Errepublika Demokratikoa, India eta Palestina. Egitasmo kopuru gehien dituzten herrialdeak, berriz, Guatemala (76), Peru (69), India (63), Kolonbia (52), Bolivia (42) eta Kongoko Errepublika Demokratikoa (37) dira.

Euskadiko GGKEen lana 20 arlo nagusitan ardazten da, hala nola hezkuntza, generoa eta feminismoa, giza eskubideak, osasuna eta nekazaritza. Giza eskubideen defentsa ardatz nagusietako bat da eta 39 herrialdetan garatzen dira gai hori jorratzen dituzten proiektuak. Horien artean aurkitzen dira, adibidez, Mexiko, Kolonbia eta Palestina. Nekazaritzarena ere gai garrantzitsua da eta arlo horren inguruko egitasmoak garatzen dira 37 herrialdetan.

Azkenik, txostenak agerian uzten duenez, emakumeen gaia jorratzen dituzten proiektuak 46 herrialdetan garatzen dira. Guztira, ia bi milioi emakume izan dira horrelako proiektuen zuzeneko onuradun.

Argazkia: shutterstock.com