Ozeanoen esplorazioa da FLL Euskadi 16. ekimenaren erronka

Hasi berri den edizioaren finala otsailaren 22an egingo da Bilbon, Donostian, Arrasaten eta Gasteizen
FLL Euskadi 16

Ozeanoak ezkutatzen dituen sekretuak ezagutzea izango da hasi berri den First Lego League Euskadi ekimenaren 16. edizioaren erronka. Antolatzaileen aurreikuspenen arabera, Euskadiko DBHko eta Batxilergoko 2.000 ikaslek baino gehiagok parte hartuko dute ‘Submerged’ (urperatuta) lelopean garatuko den edizio honetan.

Abenduaren 17ra bitartean, EAEko hainbat ikaslek ozeanografian izan diren aurrerapenen berri jakiteko eta ozeanoaren eta espazioaren artean zer erlazio dagoen ikasteko aukera izango dute. Guztira, sei bisita antolatu dira ikasleek ozeanoen esploraziorako teknikak ezagutzeko eta itsasoen biodibertsitatea zaintzeko egiten ari diren ahaleginen berri jakiteko aukera izan dezaten.

Bisitak

Lehenengo bisita Sukarrietako Txatxarramendi uhartera egingo da. Bertan, ozeanografia operatiboko profesionalen eskutik, ikasleek itsasoa nolakoa den, zer erronkari aurre egin behar diogun eta teknologia tradizionalen bidez (deriba-buiak) eta aurreratuagoen bidez (urpeko robotak) ozeanoko prozesuak nola neurtzen diren ikasiko dute.

Bigarren bisita Sestaon den Vicinay Marine enpresara egingo da. Bertan, ikasleek ozeanoan plataforma eolikoak instalatzeko eta mantentzeko, azpiegitura horien jasangarritasuna bermatzeko eta ingurumen-inpaktua ahalik eta txikiena izateko erabiltzen diren teknologiak eta prozesuak ezagutzeko aukera izango dute.

Hirugarren bisita Getxon den Sener enpresara egingo da itsasoaren eta espazioaren artean zer erlazioaren berri izateko.

Laugarren bisitan, EHUren eta BCAM-Basque Center for Applied Mathematics zentroaren eskutik, ikasleek itsas hondoaren ezaugarrien berri jasoko dute: nolakoa den, zer ezaugarri geologiko dituen…

Bosgarren bisita Donostiako Aquariumera egingo da. Cimasub-Itsaspeko Zinemaren Nazioarteko Zikloaren eskutik ikasleek Kantauri itsasoko bioaniztasunaren berri izango dute.

Azken bisita, berriz, EHUren Plentziako Itsas Estaziora egingo da. Bertan, itsasoko hainbat ugaztun eta dortoka kostaldera zergatik iristen diren eta animalia horiek aztertzeko eta kontserbatzeko zer protokolo ezarri diren azalduko zaie ikasleei.

Finalak

Neguan zehar ikasleek beren egitasmoak garatzeko aukera izango dute eta Euskadi mailako finala otsailaren 22an egingo da. Egoitza anitzeko finala izango da, ikasleek Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Arrasaten lehiatzeko aukera izango baitute.

Argazkia: Flickr/Innobasque