Pasa den azaroaren 10ean Bilboko San Nikolas plazak BBK Kunak antolatzen duen Haurkuna izeneko egitasmoa hartu zuen. Haurkunaren xedea da Garapen Jasangarriko Helburuak eta 2030 Agenda 5-11 urte bitarteko gaztetxoei azaltzea. Sorkuntza, birziklapen, musika eta jolasen bidez, Haurkunak gizarte gisa etorkizunean izango diren erronkei buruz sentsibilizatu nahi ditu gaztetxoak. Egitasmoaren barruan garatzen diren jardueretan, dinamika sortzaile eta kooperatiboen bidez, garapen jasangarriarekin eta 2030 Agendarekin lotutako balioak lantzen dira, hala nola energia eskuragarria eta ez-kutsatzailea (7. GJH), ekoizpen eta kontsumo arduratsua (12. GJH), itsaspeko bizitza (14. GJH) edo lehorreko ekosistemen bizitza (15. GJH).
Haurkuna egitasmoa BBKak garatzen duen ‘Herriz herri’ programaren berrikuntzetako bat da. Ekimen ibiltari horren helburua Bizkaian ahalik eta udalerri gehienetara iristea da, aukera-berdintasuna, gizarteratzea eta garapen jasangarria sustatzen dituzten eta 2030 Agendarekin eta GJHekin bat egiten duten proiektuak elkarrekin lantzeko. Bizkaiko 52 udalerrik egin dute bat ekimenarekin.