Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru aldundiek sustatutako Zerga Hezkuntza programak ikasle gehiagorengana iritsiko da datorren urtean. 2025-2026 ikasturtetik aurrera, ekimenak DBHko 4. mailako, Batxilergoko eta Erdi Mailako Lanbide Heziketako ikasleak ez ezik, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako eta DBHko 1., 2. eta 3. mailako ikasleak ere hartuko ditu barne.
Programa hau Iruzur Fiskalaren aurkako Borrokarako Plan Bateratuaren barruan kokatzen da. Hezkuntza-ingurunea baliatuz, gaztetatik kontzientzia fiskal handiagoa sustatzea du helburu, nagusiki, prebentzio-estrategien bidez.
50.000 ikasle baino gehiago Zerga Hezkuntza programan
2017. urtean abian jarri zenetik, programa honek 52.116 ikasleren eta 1.554 ikastetxeren parte-hartzea izan du, egungo ikasturteko datuak kontuan hartu gabe. Oraindik abian den 2024-2025 ikasturte honetan, dagoeneko, 260 ikastetxe baino gehiagok izena eman dute. Proiektuak etengabe egin du gora hasieratik, orduan 132 ikastetxek parte hartu zutenean.
Zerga prestakuntza adin goiztiarretatik
Zerga Hezkuntza programaren helburua gazteen artean kontzientzia fiskal handiagoa sustatzea da, parte hartzen duten ikastetxeetan emandako hezkuntza-modulu baten bidez.
Saio horietan, erakundeen funtzionamendua, administrazioen arteko eskumenen banaketa eta horien finantzaketa lantzen dira, baita herritarrek emandako baliabideen eta horiekin sortzen diren ondasun eta zerbitzu publikoen arteko harremana ere.
Proiektuaren ardatz nagusietako bat zergen zentzu soziala nabarmentzea da, zerga-iruzurraren eragin negatiboa azpimarratuz eta ikasleen artean horren aurkako joera etikoa sustatuz.
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak programaren barruan dedikazio handiagoko prestakuntza-ibilbideak aukeratzen dituzten irakasleen parte-hartzea ziurtatuko du. Neurri honen helburua da irakasleen konpromisoa indartzea eta emandako edukien kalitatea bermatzea.