Katxiporreta Kooperatibak, Aranzadi Zientzia Elkartearekin elkarlanean, “Zerua lapurtu dute!” izeneko haur-literatura eta musika uztartzen dituen proiektu pedagogiko berria argitaratu du. Eusko Jaurlaritzak babestutako ekimenak argi-kutsaduraren eta pantailen erabileraren problematika jorratzen du, baita ingurumena zaintzearen garrantzia ere.
Proiektuak euskal sortzaile ezberdinak biltzen ditu: Leire Bilbao idazleak ipuinaren testua sinatu du eta ilustrazioak Karmele Gorroñorenak (Irrimarra) dira. Xabier Zabala musikariak diskoa osatzen duten 17 kantak konposatu eta egokitu ditu, Bilbaoren letradun lau abesti original barne: “Altxa burua”, “Nanoplaneta“, “Piztu iluna” eta “Ipurtargia”.
Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazo ezagunak dira abentura berri honen protagonista nagusiak. Haiekin batera Aranzadiko astronomia ataleko dibulgatzaile Virginia García, Birtxi, izango da itsasargi-zaintzaile astronomoaren papera egiten. Argitalpenak, gainera, material didaktiko osagarria dakar, ipuinaren azalaren atzeko aldean dagoen QR kode baten bidez eskuragarri.