Azaroaren 29an, Bilboko La Perrera eraikinak 14-18 urte bitarteko 70 bat ikasle bildu zituen Bilbao Gazte Take Action programan parte hartu duten 700 ikasle baino gehiagoren ordezkari gisa. Bertan, gazteek hiriak dituen erronka nagusien inguruan hitz egiteko aukera izan zuten Bilboko alkate Juan Mari Aburtorekin eta Euskara, Herritarren Arreta eta Partaidetza, Agenda2030 eta Nazioartekorako zinegotzi Eider Inunziagarekin batera.
Parte-hartzaileak, irakasleek lagunduta, mahai tematikoetan banatu ziren funtsezko gaiak jorratzeko, hala nola jasangarritasuna eta ingurumena, aniztasuna eta berdintasuna, osasuna eta kirola, kultura eta euskara, parte-hartzea eta elkartasuna, Hiri Adimentsua… Arlo horiek alderdi zehatzak biltzen dituzte, mugikortasunetik eta kontsumo arduratsutik hasi eta adimen artifizial eta berrikuntzara arte.
Ikasleak
Programak, DBHko 3. eta 4. mailako eta Batxilergoko ikasleei zuzendua, jolas esperimental eta sortzailean oinarritutako metodologia bat ezartzen du. Parte-hartzaileek rol ezberdinak hartzen dituzte dinamizatzaileek planteatutako egoera eta erronkei aurre egiteko, galdera nagusiari erantzunez: “Zer egin dezaket nire ingurunea hobea eta jasangarriagoa izan dadin?”
Bilboko bederatzi ikastetxek parte hartu dute ekimen honetan: IHS Jesuitinas Bilbao, Jesuitak Indautxu, Zabalburu Ikastetxea, Begoñazpi Ikastola, Rekaldeberri EHI, Maristak Bilbao, Otxarkoagako prestakuntza zentroa, Artxandape Ikastola eta Abusu Ikastola.
Programaren funtsezko helburuen artean nabarmentzen dira Bilboko Balioen Gutunaren zabalkundea, gamifikazio tekniken bidezko ezagutzen garapena, 2030 Agendaren esparruan gizarte eta ingurumen arazoei buruzko sentsibilizazioa, eta pentsamendu kritikoaren sustapena berrikuntza sozialaren ikuspegitik.