Ikusi eta Ikasi programak 22 urte bete ditu euskara sustatzen

Udal programak 64 jarduera eskainiko dizkie 2-11 urte bitarteko haurrei otsailetik maiatzera bitartean
Ikusi eta Ikasi

Bilboko Udalak Ikusi eta Ikasi egitasmoaren edizio berri bat jarri du martxan. Horri esker, hogeita bigarren urtez jarraian, hiribilduko auzo guztietan euskararen erabilera sustatzea helburu duten familia-jarduerak antolatuko dira otsailetik maiatzera bitartean. Programa 2 eta 11 urte bitarteko gaztetxoei zuzentzen zaie eta bertan izena emateko epea urtarrilaren 27ra arte izango da zabalik www.ikusietaikasi.eus webgunearen bidez.

Ikusi eta Ikasi

Aurtengo edizioa, esan bezala, otsailean hasi eta maiatzera arte luzatuko da. Aurtengo programazioaren protagonista nagusia ‘Makusi’ izango da. Pertsonaia hau, bere familiarekin batera, motxila hartu eta Pagasarrira abiatuko da. Ibilbide horretan, ingurumena zainduz Bilbo are euskaldunagoa egiteko abenturez gozatuko dute.

Programak 64 jarduera desberdin ditu, eta hiru adin-tartetan egituratuta dago. “Altzoan” 2-3 urte bitarteko haurrentzat diseinatuta dago, gurasoekin batera jolas eta eskulan saioetan parte hartuko dutenak. “Familian” atalak 4-8 urte bitarteko haurrentzat sormen-tailerrak eskaintzen ditu familiarekin batera, eta “Lagunartean” atalak, berriz, 9-11 urte bitarteko haurrentzat entretenimendu jarduerak proposatzen ditu lagunekin batera.

Ohiko jarduera horiez gain, auzo-zentroek ikuskizun bereziak hartuko dituzte, hala nola “Euskal Mitologia”, “Mugi zaitez” disko-festa, eta Txintxeta, Klipa eta Txorroskilo pailazoen emanaldiak “Atxis” eta “Txanpon baten truke” lanekin.

Argazkia: ikusietaikasi.eus