Harrapazank-ek 20 urte bete ditu

Udal programak talentu jaialdi bat eta abentura-txangoak gehitu ditu 10-16 urte bitarteko gazteei zuzendutako aisialdi eskaintzara
Harrapazank

Bilboko Udalak Harrapazank euskarazko gazteentzako aisialdi programaren XX. ediziorako izen-emate epea ireki du. 10-16 urte bitarteko gazteei zuzendutako jarduera guztiak martxoa eta maiatza bitartean garatuko dira. Izena emateko epea martxoaren 3an amaituko da. Izen-emateak programaren webgune ofizialaren bidez egin beharko dira.

Harrapazank programaren edizio berria Taupa Euskaltzaleen Mugimenduarekin elkarlanean egin da eta  nobedade garrantzitsuak dakartza bere jardueren egutegian. Horien artean nabarmentzen dira Eszena talentu-lehiaketako parte-hartzaileentzat Bilborocken ospatuko den jaialdia eta lau asteburutan zehar antolatuko diren abentura txangoak.

Eszena talentu-lehiaketak aurrez aurreko casting-ekin hasiko du bere ibilbidea martxoaren 18 eta 19an Errekalde eta Begoñako udaltegietan, hurrenez hurren, eta online aukera bat izango du martxoaren 20an salbuespenezko kasuetarako. Hautatuek masterclass edo eskola magistralak jasoko dituzte La Perreran eta tutoretza-saioak apirilean eta maiatzean. Lehiaketari amaiera emateko, maiatzaren 24an, egingo den azken gala bat egingo da Bilborocken. Irabazleen artean 1.100 euro banatuko dira bonu-saritan.

Aurtego programazioan izango den beste nobedade nagusia igandeetako txangoen programa da. Guztira lau irteera programatu dira:

  • Martxoak 30: Orientazioa (Armintza). 10-12 urte bitarteko gaztetxoei zuzendutako irteera honetan parte-hartzaileek orientazio- eta biziraupen-trebetasunak ikasteko aukera izango dute Ermua mendian.
  • Apirilak 6: Eskalada (Urduliz). Irteera honetan 13-14 urte bitarteko nerabeek Santa Marinako haitzetan gora ibiltzeko aukera izango dute.
  • Maiatzak 11: Arku-tiroa (Barrika). 10-12 urte bitarteko gaztetxoek beren punteria probatu ahal izango dute Barrikako arku-tiro zelaian.
  • Maiatzak 18: Snorkel (Armintza). 13-14 urteko nerabeek Armintzako itsas hondoak eta itsaspeko bizitza ezagutzeko aukera izango dute irteera honetan,

Bideojokoei eskainitako Klikazank atalean Rocket League jokoaren txapelketa antolatu da. Parte-hartzaileek lau online proba gainditu beharko dituzte maiatzaren 24an Euskararen Etxean ospatuko den finalera iritsi aurretik. Irabazleek 150 eta 50 euroko bonuak jasoko dituzte sari gisa.

Eider Inunciaga Euskara, Herritarren Arreta eta Partaidetza, 2030 Agenda eta Nazioartekorako zinegotziak adierazi duenez, programaren helburua da “Bilboko gazteriak euskara esperientzia positibo eta gozagarriekin identifikatzea, bere erabilera sustatzeko”. Euskararen erabilera sustatzeaz gain, ekimenak zeharkako gaiak lantzen ditu, hala nola berdintasuna, inklusioa, aniztasuna eta osasuna.

Argazkia: Shutterstock