GFAk nerabeentzako euskal musikari buruzko ‘Gora Euskal Kantagintza’ gida aurkeztu du

Mikel Markez eta Pako Aristik sortutako tresna pedagogikoak 14 kapitulutan zehar euskal musika-bilakaera jasotzen du bere sorreratik era digitalera arte
Gora Euskal Kantagintza

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura Departamentuak “Gora Euskal Kantagintza” gida didaktikoa aurkeztu du. Gida Mikel Markez abeslariak eta Pako Aristi idazleak sortutako tresna pedagogikoa da. Hezkuntza-baliabide hau Kultura Eskola programaren barruan sartzen da eta 12 eta 16 urte bitarteko nerabeei euskal musika eta kultura-ondarea hurbiltzeko diseinatuta dago.

Gora Euskal Kantagintza

Kultura Eskola programak gipuzkoar ikasleentzat kulturarako sarbide unibertsala bermatzea du helburu. Horretarako, kalitatezko jarduera artistiko eta kulturalak txertatzen ditu eskola-jardunaldian. Ikuspegi horren bidez, ikasleek euskal adierazpen kultural eta artistikoei buruzko ulermen zabalagoa garatzea lortu nahi da, eta baita lurraldeko udalek eta elkarteek antolatutako kultura-proposamenetan parte hartuko duten publiko berriak sortzea ere.

“Gora Euskal Kantagintza” gidak euskal musika-historiaren ibilbide zabala egiten du, 14 kapitulutan egituratua, bere jatorrietatik gaur egun arte. Jorratutako gaien artean daude, adibidez, abesti tradizionalak, Ez Dok Amairu mugimendua, euskal rock erradikala, literaturaren eragina, bertsolaritza musikan, eta plataforma digitalen eta sare sozialen eragina. Atal edo kapitulu bakoitzak ikasleen artean ikaskuntza aktiboa sustatzeko diseinatutako jarduerak eta galdetegiak ditu.

Aurkezpenean, Kultura eta Gazteria diputatu Goizane Álvarezek baliabide honen garrantzia azpimarratu du: “Gora Euskal Kantagintza gida baliabide zinez baliotsua da datozen belaunaldiei gure musika-ondare aberatsa transmititzeko. Tresna honen bidez, gazteak hezi, inspiratu eta haien emozioak piztu nahi ditugu, gure historia hobeto uler dezaten eta kultura-aniztasuna balora dezaten lagunduz”.

Mikel Markezek proiektuaren garrantzia azpimarratzen du aro digitalean: “Interneten eta Adimen Artifizialaren garai honek ekarriko dizkigun erronka berriei hadi, hemen duzue Euskal kantagintzaren orain arteko historia, zuen esku bere edertasunean”.

Pako Aristik, berriz, “38.000 urte dauzka euskal musika-tresnarik zaharrenak: Isturitzeko haitzuloan aurkitu zuten hezurrezko flauta bat da. 1900. urtean grabatu ziren euskarazko lehen abesti eta testuak, Parisen ospatu zen Erakusketa Unibertsalaren aitzakian. Hori baino lehen, Iparragirre, Etxahun, eta beste asko izan ziren. Eta ondoren, 1960an, Michel Labegueriek eman zion hasiera euskal kantagintza berriari. Eta haren atzetik, konstelazio distiratsu bat, milaka izarrez betea” azaldu du.

Argazkia: Gipuzkoa.eus