Euskadiko Lanbide Heziketako ikastetxe publikoen sareko 423 ikaslek hasiko dituzte euren lanbide-praktikak Europako enpresetan otsailaren amaieran. Ikaslan Mobility-k kudeatutako ekimen honek aukera emango die ikasleei atzerrian prestakuntza duala osatzeko eta euren prestakuntza-titulua lortzeko.
Europan praktikak egingo dituzten ikasleei dagokionez, 181 bizkaitarrak izango dira, 167 gipuzkoarrak eta 75 arabarrak. Ikasle horien hezkuntza-mailari dagokionez, berriz, 200 ikaslek Goi Mailako heziketa-zikloak egiten dituzte, 202k Erdi Mailakoak eta, aurtengo nobedade gisa, Hasierako LHko 21 ikasle gehitu dira.
Praktikak
Ikaslan Mobilityk kudeatutako praktika hauek Europako 16 herrialdetan egingo dira: Austria, Bulgaria, Kroazia, Danimarka, Eslovenia, Estonia, Finlandia, Frantzia, Grezia, Hungaria, Italia, Lituania, Malta, Polonia, Portugal eta Txekiar Errepublika. Egonaldi hauek euren prestakuntza-zikloaren gaitasun tekniko-profesionalez haratago doan esperientzia jasotzeko aukera ematen die ikasleei.
Ikaslanek, duela bi hamarkada baino gehiago hasi zuen bere ibilbidea europar proiektuetan, eta Lanbide Heziketako 5.000 ikasle baino gehiagori erraztu die nazioarteko mugikortasuna. Programak parte-hartzaileei lan-metodo desberdinak ezagutzeko eta euren lanbide-gaitasunak hobetzeko aukera emateaz gain, hizkuntzak hobetzeko, autonomia irabazteko eta kultura berrietan murgiltzeko aukera ere ematen die.
Enpresa-praktikez gain, Ikaslan Mobility-k beste mugikortasun mota batzuk ere kudeatzen ditu, hala nola ikasketak, skills lehiaketak eta mugaz gaindiko gaitasunak eskuratzera bideratutako talde-jarduerak. Programak 200 plaza baino gehiago ere hartzen ditu irakasleentzat, metodologien trukaketa eta Europako LH zentroekin lankidetza-sareak ezartzea erraztuz.