Praktika zientifikoa sustatzeko urmaelak

Eskola-urmaelek ekosistemak sortzen laguntzen dute eta ikasleen gaitasun zientifikoa garatzeko baliabide ezin hobea dira, laborategi natural gisa funtzionatzen baitute.
Urmaelak

Eskoletako Urmaelen Sarea urmaelen erabilera didaktikoa egiten duten ikastetxeen sarea da. 2020an sortu zen 6 zentrorekin eta, gaur egun, Euskal Autonomia Erkidegoko 50 ikastetxe inguruk eta hiru Unibertsitate Campusek parte hartzen dute bertan. Eskola-urmaelek ekosistemak sortzen laguntzen dute eta ikasleen gaitasun zientifikoa garatzeko baliabide ezin hobea dira, laborategi natural gisa funtzionatzen baitute.

Urmaelen erabilera didaktikoa egiteko esperientziak eta materiala partekatzeaz gain, sare honek ikastetxeen arteko harremanak ere sustatu nahi ditu. Horrela, maiatzaren 16an Eskola Urmaelen Sarearen Topaketa egingo  da, non zentroei helburu horiek guztiak betetzeko aukera eta tokia eskainiko zaien, adituen aholkularitzarekin eta laguntzarekin.

Eskoletako Urmaelen Sarea Aranzadi Zientzia Elkartearen eta Berritzegune Nagusiaren elkarlanari esker garatu da eta egun kudeaketa batzorde bat ere badu eratua. Ikastetxeetako arduradunak eta parte hartzen duten gainerako erakundeen ordezkariak ere badaude; Berritzegune Nagusikoak, Aranzadikoak, UPV/EHUkoak eta Neiker Fundaziokoak.

Argazkia: Irekia