280 ikaslek baino gehiagok parte hartu dute EuskoSkills 2025ean 

Lehiaketaren helburua da bokazioak aktibatzea DBH eta Batxilergoko ikasleen artean
EuskoSkills

Lanbide Heziketako 280 ikaslek baino gehiagok 31 espezialitate teknikotan eta sortzailetan dituzten trebetasunak erakutsi dituzte EuskoSkills 2025ean. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak antolatzen duen lehiaketak, beste behin, Euskadiko talentu gaztearen erakusleiho bihurtu du Irungo Ficoba.

Aurtengo edizioa maiatzaren 13tik 15era bitartean egin da eta, ohi bezala, euskal Lanbide Heziketaren aukerak ezagutu ahal izango dituzten DBHko eta Batxilergoko ehunka gazteren bokazioak aktibatu nahi izan ditu. Izan ere, EuskoSkillsek Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleentzako orientazio-plataforma gisa funtzionatzen du. Bertan, ikasleek zuzeneko hainbat probatan parte hartu dezakete baita, aldi berean, LHk eskaintzen dituen irteera profesionalak ezagutu ere. 

Lehiaketa, horrez gain, ikastetxeak, enpresak eta erakunde publikoak elkartzeko gune ere bada. Horrek bat egiten du Hezkuntza Sailak sustatzen duen  eta produkzio-ehunarekin egiten diren aliantzetan oinarritzen den modelo kolaboratiboan.

31 espezialitate

Lehiaketak industriarekin harremana duten Soldadura eta CAD edo CNC Diseinu Mekanikoa bezalako diziplinak hartzen ditu, baina baita sektore sortzaileetakoak edo zerbitzuetakoak ere. Hor daude, adibidez, Diseinua eta 3D Animazioa, Sukaldaritza, Estetika, Web garapena edo Arreta Soziosanitarioa. Aniztasun hori euskal formakuntza-eskaintzaren zabaltasunaren isla da. Modalitate bakoitzaren irabazleek Euskadi ordezkatuko dute SpainSkills lehiaketan. Azken hori nazioarteko lehiaketetarako azken urratsa da.

Aldibereko probak lau kokapenetan 

Ficobak lehiaketaren zatirik handiena hartu duen arren, hiru espezialitatek aldibereko probak egin dituzte beste kokapen batzuetan berariazko instalazioak erabili ahal izateko. Horrela, Ibilgailu Astunen Teknologia Ortuellako Finanzauton egin da, Energia Berriztagarriak Santurtzi LHIIn eta Paisaia-lorezaintza Arkaute LHIIn.

EuskoSkills eraldaketa digitalarekin, trantsizio ekologikoarekin, belaunaldi-aldaketarekin eta inklusioarekin lotuta dagoen hezkuntza-sistema bultzatzeko Eusko Jaurlaritzak duen estrategiaren barruan kokatzen da.

Argazkia: meka.eus