Egilea: Lander Bolado
Argazkia: shutterstock.com
Hitz kopurua: 233
Irakurketa denbora: Minutu 1
Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko Foru Aldundiek antolatzen dituzten Udalekuak programak, guztira, 4.289 plaza eskainiko ditu uda honetan. Aurtengoa programa k inoiz eskaini duen plaza kopururik handiena da. Plaza guztietatik, 4.004 euskaraz izango dira eta 285 elebidun modalitatean. Kanpamentuak 7 eta 13 urte bitarteko haurrei zuzenduta daude, eta uztailaren 1etik 29ra bitartean zazpi eguneko txandetan egingo dira, hiru lurralde historikoetan banatutako 15 instalaziotan.
Eskaintza % 4,3 hazi da aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 2025ean baino 177 plaza gehiago. Lurraldeka, Arabak eskainiko du kopururik handiena, 1.695 plazarekin (iaz baino 67 gehiago), ondoren Bizkaiak 1.544 plazarekin (30 gehiago) eta azkenik Gipuzkoak 1.050 plazarekin (50 gehiago).
9 eta 11 urte bitarteko tartean biltzen da eskaintzaren zatirik handiena, 2.245 plazarekin: 2.090 euskaraz eta 155 elebidun modalitatean. 12 eta 13 urtetik beherakoek 1.640 plaza dituzte (1.510 euskaraz eta 130 elebidun); 7 eta 8 urtekoentzat, berriz, 404 plaza gordetzen dituzte, guztiak euskaraz.
Instalazioak eta prezioa
Kanpamentuak 15 instalaziotan egingo dira. Gipuzkoan, Orioko Txurruka aterpetxean, Zarautzen eta Juan Sebastian Elkanon (Hondarribia), eta oraindik zehaztu gabe dauden beste bi tokitan. Araban, Zuhatzan, Barrian (Barria-Narbaiza) eta Espejon. Bizkaian, La Arboledan, Gorlizen, Lurraskan, Meakaurren eta Legasan, eta zehaztu gabe dauden beste bi kokalekutan.
Txanda bakoitzeko prezioa 146 eurokoa da, eta honako hauek barne hartzen ditu: ostatua eta mantenu osoa, dinamizazio zerbitzua, istripu eta erantzukizun zibileko asegurua eta Donostiatik, Bilbotik edo Gasteiztik instalazioetara joan-etorriko garraioa barne. Gainera, hiru lurraldeek hobariak ezarri dituzte familia ugarientzat eta gizarte-laguntzak jasotzen dituztenen familientzat.
Premia bereziak dituzten adingabeentzako arreta
Administrazioek plazen % 5 gordetzen dute premia bereziak dituzten adingabeentzat, haien integrazioa bermatzeko elkarte espezializatuen laguntzarekin. Txanda bakoitzeko taldeek aisialdiko begirale tituludunak, zuzendaritzako langileak, jarduera zehatzetan espezialistak (bela edo windsurfa, esaterako) eta desgaitasunen bat duten adingabeei arreta emateko profesional kualifikatuak izango dituzte.




