Telefonoz egindako kontsulten % 65 inguru adingabeek egin dituzte

2010eko urrian funtzionatzen hasi zenetik aurtengo otsailaren amaierara arte, haurrei eta nerabeei laguntza emateko 116 111 telefono-zerbitzuak guztira 781 dei erregistratu ditu, izan litezkeen arrisku-egoeren, tratu txarretako egoeren edota eskubide-urraketetako egoeren gaineko informazioa eta aholkularitza eskatzeko deiak, hain zuzen ere. “Kopuru horrekin hirukoiztu egin da aurreko bi urteetan egindako deien kopurua, eta horrek baieztatu egiten du beharrezkoa dela adingabeen eta erakundeen arteko harremanetarako bideak sortzea”, adierazi du Loli Garcíak, Familia eta Komunitate Politikarako zuzendariak.
Urriaren hasieran, Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak isilpeko eta doako telefono-zerbitzu berri hori jarri zuen abian, funtsean, adingabeen arrisku- edo gatazka-egoera pertsonalei erantzuteko. Telefono-zerbitzu hori helduei ere zuzenduta dago, baldin eta haur eta nerabeen eskubideak urratzen ari diren egoeraren baten berri badute. Aztertutako aldian, telefonoz egindako kontsulten % 65 inguru adingabeek egin dituzte, zehazki, 12-18 adin tartekoek (% 90).
Helduek egindako deiei dagokienez, aitzitik, horien erdiak gurasoek egin zituzten, eta beste % 17, berriz, bigarren eta hirugarren mailako ahaideek. Beste % 20, berriz, ezagunek, bizilagunek eta herritar anonimoek egin zituzten; azkenik, helduek egindako deien % 7,5 profesionalei zegozkien.
Deien % 30ekin, harreman afektibo-sexualen gaineko kontsultak izan dira eskatuenak, nerabezaroan gertatu ohi den bezala. Horrelakoen ondoren, berdinen arteko harremanak eta bullying-a ditugu. Nerabe gehienek bikote harremanen gaineko zalantzak ez ezik, desleialtasunari, osasun sexualari, kontrazepzioari (abortatzeko pilula), eta “lehen aldiari” buruzko kontakizunak ere adierazi dituzte.
Berdinen arteko harremanei buruzko galderak galdera guztien % 16,4 izan dira, eta berdinen taldez (koadrila) aldatzearen, leialtasun-gatazken eta “momentu gogorretako” adiskidetasunaren ingurukoak izan dira.
Bestalde, bullying edota berdinen arteko jazarpenari buruzko deiak guztizkoaren % 10,5 izan dira. Kasu horiek guztiak ikastetxe-ingurunearen barrukoak izan dira, nagusiki, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) lehen ziklokoak. Biktimek erruduntasuna, harreman-inhibizioa, antsietatea eta sintoma psikosomatikoak (urdaileko edota buruko mina) adierazi dituzte, baita gertakariak jakinaraziz gero errepresaliak izateko beldurra ere.

Biztanleria heldua
Helduek eginiko deiei gagozkiela, gurasoen eta seme-alaben arteko ustezko babesgabetasuneko 51 kasu jasotzen dituzte datuek (% 20,6). Kasu horien erdietan baino apur bat gutxiagotan, bigarren edo hirugarren mailako ahaideek, bizilagunek edota familien ezagunek jakinarazi zituzten 116 111 telefono-zerbitzuan. Sarritan, gurasoei egotzitako zabarkeria-egoerei buruzkoak izan dira horrelako jakinarazpenak.
Era berean, helduek egindako kontsulten % 15,8 bullying-eko kasuekin lotuta egon dira. Kasu guztietan, jazarritako adingabeen gurasoek jakinarazi dituzte, eta adingabe gehienak Lehen Hezkuntzako (LH) azken zikloko edota Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBE) lehen zikloko ikasleak ziren.
Azkenik, familia-harremanei buruzkoak izan dira deien % 11,7. Honako hauei buruzkoak izan dira funtsezko gai espezifiko guztiak: batetik, ordutegietan, etxeko lanetan eta eskolako lanetan (besteak beste) akordioak ezartzeko zailtasunak, eta bestetik, gurasoen eta seme-alaben arteko liskarrak, eztabaida gogorrekin, elkarrekiko errespetu ezarekin eta mehatxuekin.
116 111 zerbitzuaren bitartez lehen bost hilabeteetan egindako jardun guztien ondorioz, 236 deribazio gauzatu dira, zehazki, honako hauetarako deribazioak: % 35,5, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetara (OGZ), beste % 45,2, ostera, ikastetxeetara, beste % 9,2, aldiz, osasun-zentroetara, eta gainerakoak, azkenik, kultura-zentroetara (% 0,9), telefono bidezko arreta-zerbitzuetara (% 1,8), arreta juridikorako zerbitzuetara (% 1,8), psikologia-zerbitzuetara (% 2,3), elkarte eta GKEetara (% 1,8) eta poliziara (% 1,4).