Gasteizko Santa Barbara plaza berrikuntza eta gazte ekintzailetzaren erakusleiho bihurtu da Araba Ekinean lehiaketaren eskutik. Hiru orduz, Lanbide Heziketako (LH) ikasleek garatutako 47 enpresa-proiektuk euren proposamenak aurkeztu zituzten 2025eko Ikastetxeetako Enpresa Azokan.
Azoka hau Ikasenpresa programaren gailurra da, LHko ikasgeletan enpresa mundua gerturatzen duen ekimena, eta aldi berean Araba Ekinean lehiaketaren hasiera markatzen duen ekitaldia da.
Ikastetxeetako Enpresen Azokak ikasleei beren ideiak benetako publikoarekin alderatzeko aukera ematen die, haien bideragarritasuna ebaluatuz eta merkatuaren zuzeneko feedback-a jasoz.
Enpresa Azoka
Arabako zortzi ikastetxek parte hartu dute aurtengo azokan: Gamarrako Ostalaritza Eskola, Mendizabala, Ciudad Jardín, Francisco de Vitoria, Eraiken CIFP Construcción, Egibide Jesús Obrero, Egibide Arriaga eta Arkauteko CIFP Agrario.
Teknologia izan da aurkeztutako proiektuen ardatz nagusietako bat. Proposamenen artean nabarmendu dira droneen bidezko sendagaien presako entrega kudeatzeko aplikazio bat, ispilu-kamera adimendun bat eta telefono mugikorrekin lotutako hainbat osagarri.
Jasangarritasuna ere izan da azokaren beste zutabeetako bat. Ikasleek hainbat ekimen aurkeztu dituzte, hala nola soberakinetatik abiatuta elikagaiak egitea, Senegalera bideratutako betaurrekoak birziklatzeko programa bat eta futbol zelaietan hondakinak kudeatzeko sistema bat klorofila eta ongarri bihurtzeko.
Ekintzaile gazteek eguneroko bizitzarako konponbide berritzaileak ere erakutsi zituzten: motxila konpresorea, hiri-banku multifuntzionalak, alboko mugimendua egiteko gaitasuna duen gurpil-aulkia eta aireportuetan joan-etorriak errazteko diseinatutako maleta-patina.
Ekitaldi honek Araba Ekinean 2025 ekimenaren hasiera markatzen du, Gasteizko Udalak, Arabako Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritzak –SPRI Taldearen eta BIC Arabaren bidez- eta Vital Fundazioak babestutako ekimena. Programak laster ‘Zure Ideiak Balio Du’ lehiaketa eta Ekin Day jardunaldia izango ditu, non Araban Ekintzaile Sariak banatuko diren.




